CD Bidasoako bazkideek erromatar gerlaria aukeratu dute bidasotarraren hurrengo maskota izateko. Plenitude ASOBAL Ligako Bathco BM Torrelavegaren aurkako partidan emandako botoekin, Oiasso eta Iruni lotutako pertsonaia izango da klubaren fitxaketa berria.
300 bazkide inguru hurbildu ziren Bathco BM Torrelavegaren aurkako partidura hurrengo maskota aukeratzeko botoa ematera. Lau proposamen iragarri ziren eta, botoen %53,57rekin, erromatar gerlaria izan zen bozkatuena, ondoren Pottoka (%35,72), zalea (%5,36), superheroia (%2,14) eta bazkideen %3,21ek boto zuria eman zuten.
Erromatar gerlariaren proposamenak klubaren gene borrokalaria irudikatzen du, baita gure hiriaren historia ere. Borroka transmititu eta gure klubaren eta Irungo historiaren arteko lotura islatzen duen pertsonaia da. Maskota berriaren jantzia zehatz garatu ahal izateko, Irungo Oiasso Museoak lehen urratsa emango du, alderdi estetikoak zuzenduz eta zehaztasun historikoaren xehetasunak berrestuz.
Lau proposamenen diseinatzaileak, Eric Bengoetxeak, zuzenketa horiek egin beharko ditu eta kalitate handienean diseinatu beharko ditu maskota horren profil guztiak. Ondoren, enpresak maskota horren alderdi funtzionalak zuzenduko ditu (eramatea deserosoa ez izatea, barrutik ondo ikustea…). Aurreikusita dago maskota berriak Artalekun denboraldia amaitu baino lehen “jokatzea”.
CD Bidasoako marketin-arloan klubaren balioei buruzko hausnarketa egin ondoren etorri da ekintza berri hau. Artearen, komunikazioaren eta diseinuaren munduko hainbat pertsonak lagundu dute maskota berria aukeratzeko.
Barne hausnarketak klubeko langileen, hiriko eragileen eta eskubaloiarekin lotutako pertsonen ekarpenak jaso ditu, eta honako balio hauek jarri ditu mahai gainean: errotzea, sentimendua, historia, zaletasuna, harrobia, ahalegina, gainditzea, konpromisoa, grina, lurraldea, batasuna, harrotasuna eta lehiakortasuna. Erromatar gerlaria gazte itxurako pertsonaia izango da, kolore hori eta urdinez jantzia, harrobiaren eta gaztetasunaren balioa irudikatuz.