Bidasoa Irunek Tolosako Nazioarteko Txapelketako finala jokatuko du larunbat honetan finalerdian Civitas Guadalajara 32-22 garaitu eta gero. Neurketa bide oso onetik hasi dute irundarrek, eta defentsako lan oso onari eta kontraerasoan Mikel Zabalaren golei esker, azkar batean ireki dute lehen aldea. Zortzigarren minutuko hirunako berdinketatik berriz ere hasita, 10-5 jarri dira gipuzkoarrak, zortzi goleko errentak ere eskuratuz 18-11 amaitu den lehen zatian.
Bigarrenean, Munduko txapelketatik etorri berri den Jakub Skrzyniarzek Joshua Omojola harrobiko atezaina ordezkatu du, eta Matheus Francisco da Silvarekin batera nazioarteko hitzordutik itzuli diren lehenengo bi jokalariak izan dira. Arazorik ez edukitzeko ideiarekin, bidasotarrek lehenengo zatiko maila mantendu eta aise lortu dute garaipena (32-22), Pedro Pacheco azken fitxaketak Gipuzkoan jokatu duen lehenengo neurketan.
Finala larunbat honetan jokatuko du Billère Pau-Pyrenées taldearen aurka (19:15ean). Aurretik, Logroño La Rioja eta Civitas Guadalajarak hirugarren posturako lehia jokatuko dute (17:30ean).
Fitxa teknikoa
32 – Bidasoa Irun (18+14). Omojola, Zabala (6), Asier Nieto (1), Francisco da Silva, Pacheco (3), Barreto (2); Skrzyniarz, Azkue (4),
Gorka Nieto (5, 1 p.), Ugarte (5), Cavero (3, 2 p), Rodríguez (1), García, Mitic (2).
22 – Civitas Guadalajara (11+11). Krimer, Román (3), Tito Díaz, Hamzic (3), Romanillos (2), Catalina, Pérez (5, 3 p.); Santamaría, Gorostidi
(6), Lombardi, Calvo (1), Llorens (1), Silva, Serradilla (1), Moranchel.
Partzialak. 3-2, 6-3, 11-5, 14-6, 14-7, 18-11; 20-12, 22-14, 25-17, 27-18, 30-21, 32-22.
Epaileak. Maialen Fernández eta Marta Calderón. Bidasoa Irunen aldetik, Ugarte zigortu dute bi minutuz; eta Civitas Guadalajararen aldetik, Llorens, Tito eta Romajillos.
Bestelakorik. Tolosako Nazioarteko Txapelketako bigarren finalerdia Usabal kiroldegian, 450 zaleren aurrean. Lehenengo finalerdian, Billère Pau-Pyrenées-ek 34-37 Logroño La Rioja hartu du mendean.