Bidasoa Irunek ezin izan du punturik lortu Berlinen izugarrizko neurketa egin arren Füchse ahalguztidunaren aurka (34-29) bere kantxan jokatutako partidan 4.500 zaleren aurrean. Sendo ekin diote bidasotarrek neurketari, eta lehen abantailak sinatu arren, etxekoek defentsari gogortasuna eta erasoari abiadura eman diotenean, gipuzkoarrek ez diote aurpegirik galdu erronkari. Sei gol atzetik joatera ere iritsi da (11-5, 16. minutua), defentsan aurrera pausu bat emanda, Jakub Skrzyniarzen lana atepean eta Jon Azkueren lidergoa erasoan, hiru goletara hurbildu da (18-15).
Horrekin konformatu ez, eta Jacobo Cuétarak entrenatzen dituen mutilak irabazteko aukerez zeharo konbentzituta kantxaratu dira. Pentsatu eta egin: 35. minutuan, Jon Azkue kapitainak bere gaueko 10 goletako batekin taldea berriz ere aurretik jarri du (20-21). Harbaoui Mehdi bizi atepean bigarren zatian baina Víctor Rodríguez gabe, berriz min hartuta, Bidasoa Irunek oso estu hartu du Bundesligako liderra bigarren zatiko lehen erdian. Hala ere, etxeko taldeak irundarrak zigortu ditu, behin Gorka Nietok sartu duen 23. goletik sei minutuz mugitu ezinik. Tarte horretaz baliatuta, 6-0 partziala sartu dute germaniarrek hankaz gora zuten neurketa bideratzeko, amaierako 34-29ra iritsi arte.
Bidasoa Irunen hurrengo neurketa ostiral honetan izango da, ASOBAL Ligan, Cisneren aurka Pontevedran (21:30ean). Europako gauen magia, ordea, datorren azaroaren 22an izango dute bueltan zale bidasotarrek, HC Motorren aurkako neurketan Artalekun.
Fitxa teknikoa
34 – Füchse Berlin (18+16). Kireev, Drux (6), Wiede (4), Holm (3), Chrintz (1), Marsenic (4); Milosavljev, Andersson (1), Chrintz (1), Darj (1), Lichtlein (7), Lindberg (4 p.), Freihöfer, Kix, Vujovic (2).
29 – Bidasoa Irun (15+14). Skrzyniarz, Cavero (6, 3 p.), Mitic, Francisco da Silva (1), Tesoriere, Asier Nieto (3), García (3); Mehdi, Ugarte (1), Zabala, Aginagalde, Mujika, Azkue (10), Gorka Nieto (3), Furundarena (2), Rodríguez.
Partzialak. 1-2, 5-3, 10-5, 12-8, 15-12, 18-15; 20-20, 22-21, 24-23, 29-23, 32-26, 34-29.
Epaileak. Lars Jorum eta Havard Kleven (Norvegia). Füchse Berlinen aldetik, Kopjlar (2) eta Darj (2) zigortu dituzte bi minutuz. Bidasoa Irunen aldetik, Asier Nieto (2), Furundarena, Francisco da Silva eta Mitic.
Bestelakorik. EHF European Leagueko Multzo Faseko bigarren jardunaldia, Berlingo Max Schmeling Halle pabilioian, 4.517 zaleren aurrean.