Bidasoa Irunek Trops Málagaren aurka jokatuko du Errege Kopako Bigarren Kanporaketa, datorren azaroaren 9an. Neurketa bakarrera, lehia Andaluziako hirian izango da, maila baxueneko taldearen kantxan, araudiak horrela ebatzita.
Talde irundarreko entrenatzaile Jacobo Cuétararen ustez, “arerio guztiak ziren zailak neurketa bakarrera, eta Trops bere multzoko goiko aldean egongo dela dirudi. ASOBALen jokatzea zer den badakiten jokalariak ditu, ezagunena guretzat, Agustín Vidal. Esperientzia puntu hori badute eta ilusioz gainezka egingo diote. Gu, geurera joan beharko dugu, ahalik eta lehiakorrenak izatera eta neurketa ona egitera”.
Denboraldi honetan, Errege Kopa neurketa bakarreko formatua izango du Fase Nagusira bitartean, Santanderren ospatuko dena maiatzaren 5 eta 7 bitartean. Egungo txapelduna, Barça, eta klub antolatzailea, Blendio Sinfín, sailkatuta daude jada. Fase horren aurretik hiru kanporaketa jokatzen ari dira: lehena, Zilarrezko Ohorezko taldeen artean; ostegun honetan zozketatu den bigarrena; eta 12 garaileen artean, hirugarrena martxoaren 15ean.
C.D. Bidasoak hamargarrenez jarraian jokatuko du Errege Kopa, bere historian 36. aldiz. Momentuz birritan irabazi du txapelketa: Alziran 1991ean eta Leónen, 1996ean.
Trops Málagaren aurkako kanporaketa irundarrek Málagako talde baten aurka jokatuko duten bigarrena izango da, Puleva Málaga mendean hartu ostean 1988/1989 denboraldian (26na joanekoan; 23-21 Artalekun). Urte batzuk lehenako, 1983an, gipuzkoarrek Errege Kopako euren lehen finala Málagan jokatu zuten, Fase Nagusian Michelín Valladolid eta Cajamadrid garaitu ostean.