Bidasoa Irunek markak hautsi ditu Kolstad Håndball penaltietan kanporatuta arauzko 60 minutuetan hiruna galdu ondoren (28-25). Partidari aurpegia inoiz galdu gabe, Irungo taldeak sufritu egin behar izan du hasiera-hasieratik, nahiz eta atsedenaldira bidean oso ongi jokatu, erasoan bikain eta defentsan oso sendo, Jakub Skrzyniarzek borobilduta. Iñaki Caverok penalti bat sartu du garaiz, etortzear zegoenaren aurrerapen bihurtu dena (12-13).
Atsedenalditik bueltan, eszenatokia ez da gehiegi aldatu, eta Jacobo Cuétararen mutilek Norvegiako erasorik gogorrenak jasan dituzte, kontuan hartuta aurrean indar handiko taldea zegoela. Talde gipuzkoarrak momento txarrak kudeatzen jakin izan du, hasieran zuen helburua betetzeko: amaierara bizirik iristea. Norvegiarrek joaneko partidako errenta neutralizatzea lortu dute azken segundoetan, eta horrek esanahia bazuen: penaltiak. Bi taldeek lehenengo bostak sartu eta gero, Harbaoui Mehdik gelditu du Langelanden jaurtiketa eta Iñaki Caverok asmatu du azkenekoan.
Ostegunean multzoen fasea zozketatuta, euskal taldeak ASOBAL Ligari berrekingo dio, larunbat honetan bertan, Artalekun, Cívitas Guadalajararen aurka (17:30ean). Trondheimeko heroiei merezitako harrera egiteko aukera paregabea! (Ez zaitez sarrerarik gabe gelditu!)
Fitxa teknikoa
33 – Kolstad Håndball (12+16+5). Bergerud, Smarason (2), Aalberg (4), Langeland (6), Setterblom (5), Gullerud (1), Gudjonsson (6); Eggen, Aga, Bjorkas, Ronning, Schaaning, Dahl, Kaergaard (1), Daling, Lyse (3).
31 – Bidasoa Irun (13+12+6). Mehdi, Cavero (6, 4 p.), Zabala, Salinas (3), Tesoriere, Francisco da Silva, Asier Nieto (1); Skrzyniarz, Ugarte, Gey-Emparan (1), Furundarena, Aginagalde (3), Mitic, Azkue (6), Gorka Nieto (3), García (2).
Partzialak. 2-1, 4-3, 8-5, 9-8, 11-12, 12-13; 16-13, 18-17, 19-19, 22-21, 24-23, 28-25, 33-31.
Epaileak. Davor Loncar eta Zoran Loncar (Kroazia). Etxekoen aldetik, Smarason zigortu dute bi minutuz; Bidasoa Irundik, Asier Nieto, Furundarena, García (2), Cavero eta Zabala.
Bestelakorik. EHF European Leagueko Bigarren Kanporaketako itzulerako partida, Trondheimeko Kolstad Arenan (Norvegia) 2.112 ikusleren aurrean jokatutakoa.