Bidasoa Irunek “daukagun eta eman dezakegun maila” eman nahi du Jacobo Cuétara entrenatzaileak aitortu duenez Trondheimen astearte honetan jokatuko den EHF European Leagueko Bigarren Kanporaketako itzulerako neurketaren atarian Kolstad Håndball talde norvegiarraren aurka, Artalekuko 30-27koaren ostean: “60 minutuko norgehiagoka da, eta lasaitasuna izan behar dugu”.
“Zenbat eta gol gehiago egin itzulerarako, orduan eta hobea izaten da, nahiz eta gol kopuruetatik irakurketa anitzak egin daitezkeen”, azaldu du Cuétarak. Bere aburuz, “gol gutxi eramanez, haiek ere beren betebeharrak dituzte ere bai. Lanaren erdia egin dugu eta pozik gaude, baina aurkari sendo baten aurka bere kantxan jokatzera goaz”.
“Guk daukagun eta eman dezakegun maila eman behar dugu”, azpimarratu du Cuétarak. “Taldea horretan ari da lanean, eta larunbatean Bartzelonan jokatutako neurketa mesedegarria izan zen horretarako. 60 minutuko neurketa da, lasaitasuna izan behar dugu, aldaketa asko egon baitaitezke partiduaren barruan. Lasai egon behar dugu, badakigu zaila dela”.
Entrenatzaile asturiarrak “ondo” ikusten du taldea, nahiz eta “jokalari batzuk, egoera ezberdinengatik, akoplatzen ari dira, baina hori bizi-legea da, naturaltasunez hartzekoa. Gauza askotan ari gara hobetzen, erritmoan, eta lehiakorrak izan gaitezke. Ea lortzen dugun partida borobila egitea eta bukaerara arte aukerekin egotea”.
EHF European Leagueko Bigarren Kanporaketako itzulerari dagokion neurketa astearte honetan jokatuko da 18: 45etik aurrera, Kolstad Arenan. Norgehiagoka zuzenean ikusi ahal izango da eitb.eus-en interneten eta entzun, Txingudi Irratiaren seinaleren bitartez.