Bidasoa Irunek “sentsazio onekin” itxi du asteburu honetan aurredenboraldia. Jacobo Cuétara entrenatzailearen hitzetan, azken norgehiagoken errendimendua “ez da guztiz kontent egoteko modukoa”, baina prestaketa-aste hauetan egindako lanak “pozik” utzi du entrenatzaile bidasotarra: “Pozik nago egin dugun lanarekin, hori baita garrantzitsuena, emaitzak albo batera utzita”.
“Denboraldi-aurrea galdu gabe amaitu dugu, baina hori gutxienekoa izaten da askotan, garrantzitsuena lehen jardunaldian irabaztea baita”, azpimarratu du Cuétarak, taldea prestaketa-aldia kontuan hartuta “ondo prestatuta iristeko gai” ikusten baitu: “Jokalari berriek denbora beharko dute oraindik, dinamika berri batean sartzean behar izaten den bezala, behetik gora egingo dute, eta aste hau neurketa ondo prestatzeko probestuko dugu”.
Igande honetan 12:00etan (LaLigaSports TV) jokatuko den lehen neurketarako helburua “ahalik eta aukera gehienekin aurre egitea da, zaila dela dakigun eta aurkari handi baten aurka. Guk gure aukerak izango ditugu”.