Urruñarrak Handball-ek eta Club Deportivo Bidasoak indarrak batu dituzte abuztuaren 25etik 28ra Urruña eta Irun hiriek hartuko dituen 18 urtez azpiko Nazioarteko Txapelketa antolatzeko. Txapelketa honetan, mutil zein neskena, zazpi klub izango dituzte: lau, Bidasoa iparraldekoak; beste bi gipuzkoarrak, eta zazpigarrena, Errumaniako HC Zalău.
Parte hartuko duten taldeak, Urruñarrak eta C.D. Bidasoaz gain, Stade Hendayais HB, Pau Nousty Sports, Billère Handball Pau Pyrenées, Hernani Eskubaloia eta aipatutako talde errumaniarra izango dira. Talde honen lehen taldea bere herrialdeko maila gorenean dago, EHFko rankingean seigarrena dena.
Txapelketaren egitaraua taldeen harrerarekin hasiko da abuztuaren 25ean 14:00etan eta Urruñako udaletxean 17:00etan egingo den irekiera ekitaldiaren ondoren, pilota erakustaldia eta ongietorri festa izango dira 19:00etatik aurrera.
Jokoa hilaren 26an hasiko da, 9:00etan, Salle Iturbidea eta Artalekun. Bi egoitzetan emakumeen eta gizonen arteko topaketak egingo dira.
Larunbatean, Iturbidean egingo den txapelketako jardunaldi erabakigarriaz gain, Artalekuk parte hartuko duten hainbat talderen arteko lagunarteko lau neurketa hartuko ditu, Donostiako Bera Bera ere gonbidatua dagoelarik. Norgehiagoka horiek 9:00etatik 12:00etara egingo dira.
Eguerdiko ordu berean, Urruñan, gizonezkoen lehen finalerdia hasiko da, 17:00etako finalaren lehen atariko. Emakumezkoen koadroan, berriz, bi talde onenak sailkatuko ditu txapelketa itxiko duen finalera, 18:30ean.
Gurutz Aginagalde C.D. Bidasoako lehendakariak adierazi du txapelketa hau “oso garrantzitsua dela kirol mailan, nazioartekoa delako, baita estrategikoan ere. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko klubekin aritu gara lanean, eta orain Iparraldean hasi gara”. Gorka Wamba zuzendaritzako kideak, berriz, ekintza hau “klubarentzat lehen urratsa dela” azpimarratu du. “Mugaren beste aldean lan egiten hasteko beharragatik etorri da. Baterako txapelketa bat egiteko ideia sortu zen eta uste dut arrakastatsua izan dela. Iparraldean askoz gehiago haztea da asmoa”.
TALDEAK
Billère Handball Pau Pyrenées
Kluba 1949an sortu zen Nouvelle-Aquitaineko Pirinio Atlantikoetako departamenduan. Sporting d’Este kiroldegian jokatzen ditu bere neurketak eta 2012/2013 denboraldian Frantziako eskubaloiaren maila gorenera igo zen.
HC Zalău
Jatorrizko herriaren izen bera duen taldeak Errumaniako maila gorena jokatzen du. 2001, 2004 eta 2005ean Ligako hiru titulu irabazteaz gain, 1995/1996 denboraldian City Cup Europako txapelketa irabazi zuen.
Hernani Eskubaloia
Gipuzkoako emakumezkoen eskubaloiko klub aitzindarietako bat da, Medina, Ayete, Zarautz eta Corteblanco taldeekin batera, eta emakumezkoen Liga Nagusian parte hartu zuen 1984/1985 eta 1993/1994 denboraldien artean (laugarren, bosgarren eta seigarren postuekin). 1996/97 denboraldian ere gorenean ibili zen.
Pau Nousty Sports
Kluba 1947an sortu zen Nousty hirian, Pauetik gertu, eta Nationale 1 (gizonezkoak) eta Nationale 2 (emakumezkoak) mailatan parte hartzen du. Noustyko Salle des Sports pabiloian jokatzen ditu bere partidak.
Stade Hendayais HB
Stade Hendayaiseko eskubaloi sailak 1984an ekin zion bere ibilbideari eta 2006an klub independente bihurtu zen. Irandatzen jokatzen ditu bere neurketak eta 230 kirol lizentzia inguru ditu.
Urruñarrak Handball
Txapelketaren bi antolatzaileetako bat da, eta iazko denboraldian 290 jokalari inguru mobilizatu zituen, eta tradizioa du kirolak markatutako hiri batean. Salle Iturbidean jokatzen ditu bere etxeko neurketak.
Club Deportivo Bidasoa
1962an sortua, bere gizonezkoen lehen taldea Txapeldunen Ligako txapeldun izan zen 1994/1995 denboraldian eta Europako Errekopako txapeldun 1996/1997an. Gaur ASOBAL Ligan jokatzen du, eta azken hiru denboraldietan bi aldiz geratu da txapeldunorde, Barçaren atzetik.