Asteburu honetan Zaragozako Príncipe Felipe pabiloian jokatuko den XXXII Sacyr Asobal Kopa honetarako sailkapenarekin, Bidasoa Irunek hamargarren aldiz hartuko du parte 1992/1993 denboraldian Teka Santander mendean hartuta irabazi zuen txapelketa honetan, eta 1991/1992, 2018/2019 eta 2019/2020 denboraldietan txapeldunorde izan zena.
CD Bidasoak, orduan Elgorriaga Bidasoak, antolatzen zen bigarren urtean egin zuen debuta txapelketa honetan. 1992ko urtarrilaren 3an eta 4an ospatu zen edizio haren egoitza Santander izan zen, eta finalerdian Atlético de Madrid kanporatu ondoren (18-17), Juantxo Villarrealek entrenatutako taldeak 26-25 galdu zuen bertako Tekaren aurka.
Urtebete geroago, Moguerren (Huelva, José Manuel Sierra atezainaren jaioterria) Elgorriaga Bidasoak bere lehen eta momentuz bakarra den Asobal Kopa eskuratuko du. Málagako Puleva Maristasi irabazi ondoren (30-28), finala aurreko urteko bera izan zen, baina Bidasoaren aldeko markagailuarekin bukatuta (27-23). Vladislav Kalarash moldaviarra erabakigarria izan zen Bidasotarren golen herena sinatuta.
Hurrengo denboraldian (1993/1994) Granollers, aurtengo aurkaria, Elgorriagaren borreroa izan zen 26-24; hurrengo urtean, berriz, FC Barcelonak kanporatu zuen finalerdietan denboraldi horretan Europako Liga eta Kopa eskuratuko zituen talde txokolategilea.
CD Bidasoaren bosgarren eta seigarren partaidetzek aurkari beraren aurkako kanporaketak izan zituzten finalerdietan, Caja Cantabria Santanderren aurka (18-16 1995eko abenduan; eta 22-17 1996an).
Asobal Kopa hartatik ia 22 urtera itzuli zen Bidasoa Irun lehen itzuliko talderik onenak biltzen dituen txapelketara. Lleidan 2018ko abenduan txapeldunorde izatea lortu zuen, Fraikin BM. Granollers 25-30 finalerdietan mendean hartuta, eta Bartzelona Lassaren aurka 23-37 galduta finalean.
Hurrengo urtean, Valladoliden, Recoletas Atlético Valladolidi luzapenean irabazi zion (30-33) eta Barçaren aurka porrota jaso zuen (30-22).
2020/2021 denboraldian Santanderrek Sacyr ASOBAL Kopako hitzordua antolatu zuen, oraingoan denboraldia ixteko balio izan zuena. Finalerdietatik pasa ezinik, agurrek markatutako jardunaldi batean Bidasoa Irunek 33-28 galdu zuen Liberbank Cantabria Sinfín etxeko taldearen aurka.