Gizonezkoen kadete mailako Zaisa Bidasoa Irun taldeak laugarren postuan bukatu du asteburu honetan Artalekun jokatu den Euskadiko Txapelketaren Fase Nagusia. Honen ostean, BM. Barakaldo, Ereintza Aguaplast eta Gran Camping Zarautz ZKE izango dira Espainiako Txapelketako Sektore Fasera sailkatuko diren hiru euskal taldeak.
Irungo taldeak hil ala biziko hiru norgehiagoka jokatu ditu. Lehen egunean 30-28 galdu zuen bizkaitarren aurka. Bigarrenean, garaipenak eskuetatik egin zion ihes Ereintza Aguaplastek azken segundoan berdindu eta gero (32-32), eta azkeneko egunean, 26-27 galdu du zarauztarren aurka, 26-25 aurreratzea lortu ondoren azken minutuan.
Fasea prestatzeko aurreko bi asteak bajek markatuta pasa dira, hitzordu erabakiorra prestatzea zaildu dutenak. Mikel Mancisidorrek entrenatzen duen taldeak lehenengo faseko zortzi neurketak irabazi zituen, Tximista Taberna Pulpo EK, Zarazpe Usurbil KE, Urdaneta A eta Egia Indauxen aurka; eta bigarren ligaxkan ere garaipen guztiak eskuratu ditu, Ereintza Aguaplast (azken fase honetan aurkaria ere bai), Tolosa CF Eskubaloia, Trapagaran, Zarazpe Usurbil KE eta Urdaneta, bakoitza birritan garaituz.
Emaitzak
Lehen jardunaldia
Ereintza Aguaplast 27-26 Gran Camping Zarautz ZKE (fitxa);
Balonmano Barakaldo 30-28 Zaisa Bidasoa Irun (Ziordia, Arrieta [1], Jimenez [1], Rodrigo [5], Bengoetxea [3], Berges [7], Galar [1], Behobide [2], Arrastio, Garate [2], Moreno [1], Sagarzazu [1], Goikoetxea [1], Urtizberea [1], Arruti [2], Carrero) (fitxa).
Bigarren jardunaldia
Gran Camping Zarautz ZKE 30-30 Balonmano Barakaldo (fitxa);
Ereintza Aguaplast 32-32 Zaisa Bidasoa Irun (Ziordia, Arrieta [1], Rodrigo [6], Bengoetxea [5], Campos [4], Jimenez, Berges [8], Galar [1], Behobide, Arrastio, Molguero, Garate, Moreno, Goikoetxea [2], Urtizberea [5], Arruti) (fitxa).
Hirugarren jardunaldia
Balonmano Barakaldo 35-27 Ereintza Aguaplast (fitxa);
Gran Camping Zarautz ZKE 27-26 Zaisa Bidasoa Irun (Arrieta, Rodrigo [4], Bengoetxea [3], Campos [3], Jimenez, Berges [5], Galar, Behobide [3], Arrastio, Molguero, Moreno, Sagarzazu, Goikoetxea [2], Urtizberea [5], Arruti [1], Carrero) (fitxa).
Streaming bat 4.000 bistaratze ingururekin
Artalekun eskubaloi asteburu bikaina bizi izan da, ostiral arratsaldean hasi zena Ereintza Aguaplast eta Gran Camping Zarautz ZKE taldeen arteko norgehiagokarekin, eta ehunka ikusle izan ditu bere hiru jardunaldietan, batez ere larunbateko arratsaldean, 700 ikusle baino gehiago gerturatu baitziren Irungo kiroldegira.
Horiei gehitu behar zaizkie YouTubeko CD Bidasoaren kanalean zuzenean emandako sei norgehiagokek izan dituzten ia 4.000 bistaratzeak. Ostiralean 17:00etan errenteriarren eta zarauztarren arteko lehen partida Euskadiko Txapelketaren Fase Nagusiko ikusiena izan da 1.200 ikustaldi baino gehiagorekin.
Azken neurketa amaitu denean, Irungo Udaleko Kirol zinegotzi, Borja Olazabal; Euskal Eskubaloi Federazioko batzordekide Jose Mari Iztueta; eta CD Bidasoako presidente eta batzordekide, Gurutz Aginagalde eta Gorka Wamba, sari-banaketan parte hartu dute.