Bidasoa Irunek sekulako garaipena lortu du Ángel Ximénez Puente Genil hasieratik mendean hartu eta gero (34-24). Defentsa oso sendo eta Sierra distiratsua atepean, irundarrek lehen minututik lortu dituzte aldeak, lehen zortzi minututan, 7-2 markagailuan, kanpotarrek euren burua hutsartea eskatzera behartuta ikusi arte. Formula berdinari eutsiz, neurketa ez da bat ere ez aldatu, eta Artalekuren gozamenerako, Jon Azkue kapitainak hamar goleko errenta sinatu du 15. minutuan bi hilabete eta geroko itzuleran (14-4). Bide horretan, atsedenaldira 18-9 iritsi dira bi taldeak.
Neurketari kolorea aldatu nahian, andaluziarrek hasi dute bigarren zatia beste erritmo batean, eta sei goletara murriztu dituzte aldeak 35. eta 37. minutuen artean. Hala ere, Víctor Rodríguezek jarraian sartutako bi golek errenta zortzitan utzi dute, eta hortik aurrera hamarrekoak ere izan ditu Jacobo Cuétarak entrenatzen duen taldeak, gaurkoan Xoán Ledo kenduta (bere ordez Jon Ander Larrarte izan da) lehen taldeko jokalari guztiak bere agindupean izan dituelarik. Mikel Zabalak Asobal Ligan jokatzen duen 100. norgehiagoka 34-24 amaitu da.
Bidasotarren hurrengo neurketa larunbat honetan Cuenca bisitatuko dute Incarlopsa Cuencaren aurka jokatzeko (18:30ean, LaLigaSports TV).
Fitxa teknikoa
34 – Bidasoa Irun (18+16). Sierra, Cavero (9, 7 p.), Salinas (2), Tesoriere, Francisco da Silva, García (4), Fernández (4); Larrarte, Ugarte (1), Zabala (1), Furundarena, Odriozola (2), Aginagalde, Azkue (4), Nieto (2), Rodríguez (5).
24 – Ángel Ximénez Puente Genil (9+15). De Hita, Spiljak, Cuenca, Dukic, García (3, 1 p.), Pomeranz (4), Mitic (7); Konecny, Alan da Silva (1), Corning (1), Joao Pedro Francisco da Silva (2), Borges (2), Tua, Reina (1), Estepa (3, 3 p.).
Partzialak. 3-1, 8-3, 13-4, 14-6, 16-7,18-9; 20-13, 23-15, 25-17, 28-19, 30-21, 34-24.
Epaileak. Maros Nagy eta Patrik Papaj. Bidasoaren aldetik, Tesoriere, Fernández eta Zabala zigortu dituzte bi minutuz; Ángel Ximénez Puente Genilen aldetik, Alan da Silva eta Corning zigortu dituzte.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako 24. jardunaldia Artalekun, 1.104 ikusleren aurrean. Mikel Zabalak bere ehungarren neurketa jokatu du Ligan.