Bidasoa Irunek agur esan dio aurtengo Kopari luzapenean Fraikin BM. Granollersen aurka galdu eta gero (36-37). Norgehiagokak atarikoan iragartzen zen berdintasun iragarpena bete du, eta Irungo taldearen hasiera bikainari erantzun dio katalanak, lehen zatiko azken txanpan hiru goleko errenta txikia bilduz (14-17).
Aldageletatik bueltan, norgehiagoka antzeko bideetatik joan da markagailuari dagokionez, golez gol, nahiz eta sei esklusio egon (hiru talde bakoitzeko). Joera horri esker, talde bartzelonarrak 3-4 goleko errentak gorde ditu 12 minutu falta arte. Orduan hasi da sortzen bidasotarren erreakzio handia, Antequerara joandako zale horiak eta bertako ikusleak zirraraz bildu dituena. Adrian Fernándezen, Xoan Ledoren eta Ander Ugarteren hiru golek 5-1eko partziala ahalbidetu dute markagailuan berdinketa lortzeko (29-29).
Lau minutu falta ziren arauzko denbora amaitzeko. Fraikin BM. Granollersek hutsartea eskatu behar izan du, baina ez ditu gauzak gehiegi aldatu, Víctor Rodriguezek, Rodrigo Salinasek eta Iñaki Caverok markagailua iraultzea lortu baitute gol bana sartuta. Hala ere, 60. minutura 33na iritsi dira.
Errege Kopako Azken Faseko lehen neurketa luzapen bidez argitu da. Atsedenaldira ere berdinduta iritsi da (35era, kasu honetan), eta azken bost minutuetan vallestarrak izan dira gehien asmatu dutenak (36-37).
Bidasotarren hurrengo neurketa asteartean izango da. EHF European Leagueko Last 16ko kanporaketako joaneko neurketa handia Artalekun, GOG daniarraren aurka (20:45ean).
Fitxa teknikoa
36 – Bidasoa Irun (14+19+2++1). Ledo (1), Cavero (6, 2 p.), Zabala (2), Aginagalde (2), Salinas (4), Rodríguez (3), Fernández (3); Sierra, Ugarte (4), Furundarena (1), Odriozola (4), Mujika, Tesoriere, Francisco da Silva (1), Nieto (2), García (3).
37 – Fraikin Granollers (17+16+2+2). Rangel, Chema Márquez (8), Martínez (2), Rey, Amigó, Franco (7), García (5, 1 p.); Gurri (1), Pérez, Valera (5, 1 p.), Alex Márquez (1), Salinas (8), Armengol, De Sande.
Partzialak. 3-1, 5-6, 8-9, 9-10, 11-13, 14-17; 16-19, 19-22, 21-25, 26-28, 30-30, 33-33; 35-35; 36-37.
Epaileak. García Mosquera eta Rodríguez Rodríguez. Bidasoa Irunen aldetik, García, Tesoriere eta Francisco da Silva kaleratu dituzte bi minutuz. Katalanen aldetik, Rey (2), Amigó eta Franco.
Bestelakorik. Errege Kopako Fase Nagusiko final laurdenak Antequerako Fernando Argüelles kiroldegian, 1.400 zaleren aurrean, horietatik 50 baino gehiago, bidasotarrak.