Bidasoa Irunek ezin izan du eskura izan duen garaipena erdietsi Abanca Ademar Leónen aurka neurketa ikusgarri batean galdu ostean (26-27). Lehen zatian kanpokoek euren legea ezartzea lortu dute, eta golik sartu gabeko ia 10 minututan, bidasotarrek 0-5 partziala jaso eta 5-4 aurretik izatetik, 5-9 ikusi dute euren burua. Urduri jarri gabe, gipuzkoarrak berera hasi dira, Xoán Ledok defendatu duen atea itxita, eta hainbat minutu jokalari bat gutxiagorekin izan arren, atsedenaldian errenta gol bakarrera murriztu dute (13-14).
Edukiera osoa berreskuratu duen Artalekuk bultzatuta, oso fin itzuli dira irundarrak aldagelatik, eta Fernándezek eta Zabalak egin duten berdinketaz aparte, Rodríguez eta Zabalaren hurrengoak bidasotarrei bi goleko errenta ekarri die bost minututan 4-1 partziala sartuta. Kanpokoek erantzun arren (17-17), horiek berriz ere airea hartu dute hegaletatik eta 20 minutu faltan, markagailua 21-18 zegoen. Berdintasuna izan da nagusi amaieran, eta bost minutu baino gehiago falta arren, giroan nabari zen defentsa eta eraso bakoitza erabakiak izan zitezkeela. Horietan kanpotarrek asmatu dute garaipena lortzeko (26-27)
Bidasoa Irunen hurrengo neurketa Errege Kopako final laurdenak izango dira Antequeran, Fraikin BM. Granollersen aurka. Artalekuko hurrengoa, martxoaren 29 edo 30ean EHF European Leagueko Last 16ko kanporaketako joaneko neurketa GOG taldearen aurka.
Fitxa teknikoa
26 – Bidasoa Irun (13+13). Ledo (2), Cavero (6, 2 p.), Ugarte (3), Odriozola, García, Rodríguez (4), Fernández (5); Larrarte, Zabala (4),
Furundarena (1), Aginagalde (1), Salinas, Mujika, Tesoriere, Francisco da Silva, Nieto.
27 – Abanca Ademar León (14+13). Bomastar, Casqueiro, Milosavljevic (2), Fernández (2), Virbaukas (4), Pérez Arce (8, 3 p.), Borges (6); Papantonopulos, Jozinovic (1), Sanz de Nicolás, Jin-Young, Boskos (4), Lodos, Martínez, Liapis, Slojic.
Partzialak. 3-3, 5-5, 5-8, 7-10, 9-12, 13-14; 17-15, 21-18, 21-21, 23-23, 25-25, 26-27.
Epaileak. Iniesta Castillo eta García Rodríguez. Bidasoa Irunen aldetik, García (2), Tesoriere eta Rodríguez; Abanca Ademar Leónen aldetik, Milosavljevic (2), Pérez Arce eta Virbauskas.
Bestelakorik. 1.743 ikusle Artalekun, Sacyr ASOBAL Ligako 21. jardunaldian. Neurketa hasi aurretik, Iñaki Caverok otsaileko Ligako MVP
saria jaso du, eta atsedenaldian, Artalekuk harrobiko hiru talde omendu ditu, azken hilabeteetan lortutako arrakastengatik. Txarteldegian eta zozketan jasotako diru-bilketa Txernobil Elkarteari bideratuko zaio.