Garaipen garrantzitsua Bidasoa Irunena Santanderreko La Albericia kantxa zailean Unicaja Banco Sinfínen aurka (22-26). Bidasotarrek oso sendo ekin diote neurketari, eta lehenengo lau minututan, 0-4 partziala ezarri dute, Rodríguez, Ugarte eta Mujikaren (2) golei, eta Ledok atepean penalti bat geldituz itxi duen defentsako lan ederrari esker. Etxekoek hutsartea eskatu, eta erantzun dute, nahiz eta Jacobo Cuétarak prestatzen duen taldeak aldeak mantendu dituen atsedenaldira bidean. Are gehiago, sei goletara iritsi da errenta hori, 30. minutuko 9-14ra iritsi arte.
Minduta dauden Jon Azkue, Rodrigo Salinas eta azken entrenamenduan Kauldi Odriozola gabe, Gey, Iribar, Furundarena, Nieto eta Mujika gazteak izan dira Santanderren. Talde kantabriarrak erreakzioaren beharra izan du eta bi golera hurbildu da partidua berriz hasi bezain laster, baina Ledok berriro atean eta Cavero eta Fernándezen zazpi metroko jaurtiketek bost goleko aldea eman diote Bidasoa Iruni. Egoerak behartuta, Unicaja Banco Sinfín bi tantora jarri da berriro (20-22, 52. minutuan), baina irundarrak gehiago izan dira azken minutuetan bi puntuak eskuratzeko Julen Aginagaldek jarraian sartu dituen lau golei esker (22-26).
Bidasotarren hurrengo neurketa asteartean izango da Toulousen Fenix Toulouse HBren aurka, EHF European Leagueko Multzo Faseko azken jardunaldian (18:45ean, ETB4 eta Dazn). Liga, berriz, igandean itzuliko da Artalekura, Abanca Ademar Leónen aurkako neurketa garrantzitsuarekin (13:30ean).
Fitxa teknikoa
22 – Unicaja Banco Sinfín (9+13). Sánchez, Muñiz, Lastra, Martínez (2, 1 p.), Castro (10), Perbelini (3), Roca; Guitart, Cruz, Blázquez, Monzón, Alonso, Basualdo, García, Herrero Lon (4), Zungri (3, 1 p.).
26 – Bidasoa Irun (14+12). Ledo, Cavero (5, 5 p.), Ugarte (2), Mujika (3), García (3), Rodríguez (1), Fernández (3, 1 p.); Sierra, Iribar, Zabala (1), Gey-Emparan (2), Furundarena (1), Aginagalde (5), Tesoriere, Francisco a Silva, Nieto.
Partzialak. 0-4, 2-5, 3-7, 4-8, 7-11, 9-14; 12-14, 12-17, 15-20, 18-22, 20-23, 22-26.
Epaileak. García Gil eta Rodríguez Estévez. Etxekoen aldetik, Zungri zigortu dute bi minutuz, eta Bidasoa Irunen aldetik, Tesoriere eta Francisco da Silva.
Bestelakorik. 900 zale Santanderreko La Alberician Sacyr ASOBAL Ligako 20. jardunaldian, horietako 100, gipuzkoarrak, Peña Bidasotarrak barne.