Bidasoa Irunek garaipen zabal batekin itxi du otsail gogor bezain arrakastatsua Iberoquinoa Antequera mendean hartu eta gero (33-19). Neurketaren garrantziaz jabetuta, hasiera-hasieratik izan nahi dute irundarrek erritmoa markatu, bai jokoan, baita markagailuan ere, eta horrek kanpotarren entrenatzaileari hutsartea eskatzera behartu du (7-4, 12. min.). Hala ere, norgehiagokaren norabidea berdina izaten jarraitu du, eta 8-3 hurrengo partzialak beste hutsarte batera eraman ditu andaluziarrak (15-7, 26. min.), nahiz eta lehen zatia bideratuta utzi amaierako 17-9ra.
Lehengo lepotik burua, aldageletatik bueltan Bidasoa Irunek ez du erritmoa jaitsi partidua itxita utzi arte, eta 37. minutuan Iñaki Caverok aldea 13 goletara eramatea lortu du, amaiera aldean gaindituko zena, 14 eta 15 goletako aldeekin. Hamargarren neurketa izanik hilabete titaniko honetan, Jacobo Cuétarak ahaleginak banatzerik izan du, minduta diren Jon Azkue eta Rodrigo Salinasik gabeko norgehiagokan. Gorka Nieto, Eneko Furundarena, Tao Gey-Emparan eta Asier Iribar gazteek jokatu dute 33-19 amaitu den neurketan.
Bidasotarren hurrengo hitzordua asteartean izango da, EHF European Leagueko Multzo Faseko 9. jardunaldiari dagokiona. Behin hurrengo faserako txartela lortuta, 2018an txapelketa irabazi zuen Füchse Berlinek bisitatuko du Artaleku (20:45ean, ETB4 eta Dazn). Ligak, berriz, igandean Santanderren jarraituko du, Unicaja Banco Sinfínen aurka (12:00etan, LaLigaSports TV).
Fitxa teknikoa
33 – Bidasoa Irun (17+16). Ledo (1), Cavero (5, 2 p.), Tesoriere, Francsico da Silva, García (4), Rodríguez (4), Fernández (5); Sierra, Ugarte, Iribar (1), Zabala (2), Gey-Emparan (5), Furundarena (1), Odriozola (1), Aginagalde (2), Nieto (2).
19 – Iberoquinoa Antequera (9+10). Moyano, Del Castillo, Grandi (1), Iglesias (1), Moreno (1), Ortega (3), Vinicius (1); Alarcón, Podadera (1), Castro, Baena (1), García (1), Vázquez (1), Da Silva (5, 1 p.), Pérez de Inestrosa (2).
Partzialak. 2-1, 4-3, 8-4, 9-7, 13-7, 17-9; 21-10, 24-12, 24-13, 27-15, 30-17, 33-19.
Epaileak. Álvarez Boixaderas eta Escoda Pérez. Bidasoa Irunen aldetik, García zigortu dute bi minutuz; eta Iberoquinoa Antequeraren aldetik, Vázquez.
Bestelakorik. 1.086 zale Artalekun Sacyr ASOBAL Ligako 19. jardunaldian.