Bidasoa Irunek bosgarrenez lortu du bere historian EHF European Leagueko final zortzirenetarako txartela. Momentuz sei puntu lortu eta Berlinen galdu arren, arrakasta matematikoki erdietsi da behin Tatran Prešovek eta Pfadi Winterthurrek ere galduta.
Taldeak afalostean ezagutu du albistea, suitzarren neurketa amaitutakoan. Horrela, irundarrak bosgarrenez izango dira final zortzirenetan (1993/1994, 2000/2001, 2005/2006, 2006/2007, 2021/2022). Bitan iritsi da finalerdietara eta lautan, final laurdenetara. Balizko arerioa B multzoko txapelduna izan daiteke, eta hirugarren izatekotan, B multzoko bigarrena.
Gainera, Berlinen sartutako 23. gola, Julen Mujika gazteak sartuta, Bidasoa Irunek Europan sartu duen 3.000. gola izan da.