Bidasoa Irunek galdu egin du Füchse Berlinen aurka Alemaniako hiriburuan jokatutako EHF European Leagueko neurketan (35-23). Iñaki Caverok lehen gola sartu arren, etxekoak berotu direnean (berdinketa, 4. minutuan), euren legea ezarri nahian agertu dira eta zortzi minututan Jacobo Cuétarak hutsartea eskatu behar izan du (11. min., 6-2). Bueltan alemaniarrek errenta bost goletara eraman dute, baina irundarrek prest zuten erantzuna: Aginagalde, Cavero, García eta Mujikaren golek aldea 9-7ra jaitsi dute, eta batera uzteko aukera ere izan dute. Lehen zatiko azken txanpan, etxekoek estutu eta 16-10 iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.
Jokalari bat gutxiagorekin, bidasotarrek sendo ekin diote bigarren zatiari, eta aldea berriz ere lau goletara jaitsi dute. Etxekoek, 2018an txapeldunak, azkar asko erantzun dute, neurketan eta bigarren zatiko lehen erdia bete orduko bederatzi goleko errenta lortua zuten amaiera bitartean kudeatu ahal izateko (35+23).
Gaurkoan, Cuétarak Aginagalde errekuperatu du, eta Jon Azkue, Rodrigo Salinas, Kauldi Odriozola eta Adrián Fernández min hartuta etxean geratu behar izan dira. Azken neurketetan bezala, Gorka Nieto, Eneko Furundarena, Julen Mujika (hiru hauek eraman dute hasieran erasoko gidaritza), Tao Gey-Emparan eta Asier Iribar sartu dira, zumaiarrak debuta eginez Europan.
Bidasotarren hurrengo neurketa ostegun honetan izango da etxetik kanpo Recoletas Atlético Valladoliden aurka (20:30ean, LaLigaSports TV), gipuzkoarren lehen itzulia ixteko falta den norgehiagoka. Taldeak larunbatean itxiko du etxean otsaila ikaragarri hau (Iberoquinoa Antequera, 18:30ean). EHF European League asteartean du hitzordua Artalekun Füchse Berlinen aurka (20:45ean).
Fitxa teknikoa
Füchse Berlin (16+19). Milosavljev, Wiede (4), Morros, Chrintz (4), Vujovic (10, 2 p.), Marsenic (3), Drux (2); Genz, Holm (2), Andersson (3), Lindberg (2, 2 pen.), Langhoff (1), Beneke (4), Matthes, Koch.
Bidasoa Irun (10+13). Ledo, Cavero (3, 1 p.), Ugarte (2), Zabala, Furundarena (3), Mujika (4), Nieto; Sierra, Iribar (1), Gey-Emparan (2), Aginagalde (6, 1 p.), Tesoriere, Francisco da Silva, García, Rodríguez (2).
Partzialak. 1-1, 5-2, 8-5, 11-7, 13-8, 16-10; 19-12, 21-14, 24-15, 28-18, 31-19, 35-23.
Epaileak. Adam Biro eta Oliver Kiss (Hungaria). Bidasotarren aldetik, bi minutuz García, Cavero, eta Gey-Emparan zigortu dituzte.
Bestelakorik. EHF European Leagueko Multzo Faseko zortzigarren jardunaldiko neurketa Max-Schmeling Hallen (Berlin), 2.022 zaleren aurrean.