“Ilusio handienarekin”. Bidasoa Irunek etxetik kanpo jokatuko du asteazken honetan Benidormen aurka Errege Kopako Hirugarren Kanporaketako itzulerako partida, txapelketako Azken Faserako txartela emango duena eta Jacobo Cuétara entrenatzaile bidasotarrak “neurketa irabazi nahi izatearen mentalitate horrekin” aurre egitea eskatzen duena.
“Norgehiagokaren zati garrantzitsuenetako bat horixe bera da: irabazi nahi izatearen jarrera horrekin joatea eta horren ondorio izatea kanporaketa gainditzea. Neurketa jokatzeko mentalitatearekin joan behar gara, kontrola izatearekin, irabazteko aukerak izatearekin, eta errazagoa izango da. Bestela, dena gerta daiteke”, esan du Cuétarak, taldeak Benidormi orain dela zenbait denboraldi buelta eman zion kanporaketa gogora ekarriz, joanekoan zazpi goleko aldeaz galdu ostean, edo “Ángel Ximénez Puente Genilen aurkako kanporaketaz (sei gol irabazi genituen Irunen). Hamabost minuturen buruan seitik galtzen ari ginen eta gero neurketa irauli genuen, sailkapena lortuz. Garrantzitsuena neurketaren kontrola izatea eta gure mailan jokatzea da”.
Taldeak sentsazio onekin egingo dio aurre partidari, jokatutako norgehiagoketan “tarte hobeak edo txarragoak egon arren, emaitza oso onak lortzen ari gara jokalari guztien parte-hartzearekin eta nahiko txandakatuz. Pozik nago taldearen sentsazioekin”.
Errege Kopako Hirugarren Kanporaketako itzulerako partida Benidormeko Palau l’Illan de Benidorm-en jokatuko da asteazken honetan, 20:00etan, bertako taldearen webgunean (https://bmbenidorm.com/stream/) eta YouTuben ikusgai.