C.D. Bidasoak Sabino Arana Saria jaso du igande honetan 60 urte hauetan egindako lan eta ibibidea aitortuz. Ekitaldia Bilboko Arriaga Antzokian ospatu da eta klubaren izenean, Gurutz Aginagalde presidenteak jaso du saria: “Erroak Irunen, kluba Euskadira irekita dago, eta Artalekutik Europara begira, lanean jarraituko dugu sei hamarkada hauetan egin dugun moduan”.
“Katea ez da eten eta gero eta sendoago dago. Gipuzkoako, Bizkaiako, Arabako eta Iparraldeko jokalariak ditugu gure harrobian lanean, gure lehen taldeak berriz ere herri honen izena Europan barrena darama, eta Artaleku berriz ere Artaleku historikoki izan dena izatera itzultzen ari da, batzuetan txiki geratu arte”, adierazi du eskertza mezuan, klubaren alde sei hamarkada hauetan lan egin duten pertsona
guztien ekarpena izan du gogoan, klubak izan dituen presidenteak eta Ohorezko Presidente den eta bertaratzerik izan ez duen Beñardo García barne.
“José Miguel Arana sortzaileatik hasita bere emazte Alicia Rodríguezekin batera, gaur egungo estruktura osatzen duten pertsona guztietara iritsi arte. Garai loriatsuen lemazain izan ziren Beñardo Garcia ohorezko presidente eta Juantxo Villarreal entrenatzaile gogoan hartuta, baina baita lema horri ekaitzaren erdian eutsi zion José Ángel Sodupe buru zuen giza-talderaino”, gogoan hartu ditu.
Aginagaldek, azpimarratuz klubak erroak Artaleku, Urantzu eta Irunen dituela, baina “mundura irekita” hazi dela 60 urte hauetan: “Jende askoren lan isilari esker, gure kirolaren klub historiko bihurtu da, Europako Txapeldunen Liga irabazi duten 15 taldeetako bat. Irun eta Euskadi baino populazio gehiago duten hirien aurretik. Hori gara gu”.
Hitzaldian, eskubaloiaren bi alor nagusi azpimarratu ditu: formakuntzaren balioa eta Bidasoa Irun taldeak duen balioa “gizartearen ilusioaren pizgarri” bezala: “90. hamarkadan Elgorriaga Bidasoa kolpatua zegoen herri baten ilusio pizgarri izan zen moduan, gaur egun ere pandemiatik ateratzen garen onetan, ardura hori ere badugu klub bezala. Ez da erraza izaten ari, baina zale, erakunde eta enpresak, berriz ere denak batera, bagoaz”.
Aurten Luis Ugalde euskal-venezuelar josulagunak, Amaiur Gaztelu elkarteak, Luis Mari Bengoa kazetariak, Basque Culinary Centerrek, migranteak erreskatatzeko Aita Mari ontziak eta CD Bidasoak jaso dute Saria. Aurreko ediziotan, eta kirol klubei dagokienez, Athletic Club, Real Sociedad de Fútbol, Fundación Euskadi eta Baskonia sarituak izan dira.