C.D. Bidasoak bazkideen datu-basea digitalizatzeko azken-aurreko faseari ekin dio urte berri honen hasieran. Orain arte klubak zituen datu-baseak bakar batean batu ondoren eta behin bikoiztuta eta hirukoiztuta zeuden bazkideen fitxak bakar batean uzteko lana amaituta, datu horiek errepasatzeko ordua iritsi da.
Klubak bazkide guztien datuak berrikusteko lana aurreratu egin du, baina litekeena da zenbait kasutan datu hauek oker edo osatugabeak egotea. Hori dela eta, bazkideen laguntza eskatzen dugu, Bazkide Gunean sar daitezen eta euren datu pertsonalak, harremanetakoak eta bankukoak zuzenak diren egiaztatu dezaten.
Zuzen egonez gero, ez dute beste ezer egin beharko. Zuzen ez baleude (helbidea, telefonoa eta abar aldatu direlako) edo osatu gabe baleude, zuzentzeko eta osatzeko eskatzen dugu. Prozesu hori betetzeko bi minutu nahikoak dira. Behin amaituta, klubak egiaztatuko du. Datuak zuzentzeko epea urtarrilaren 16an amaituko da.
Era berean eta aurreko asteetan egin bezala, klubak barkamena eskatu nahi die berriz ere prozesu honetan eragozpenen bat izan duten bazkideei, izan ere, prozesua denboraldiarekin batera egin behar izan dugu bai ala bai.
Helburua da txapelketa ofiziala itzuli aurretik datu-basea eta aplikazio berria (app) prest egotea. Prozesuaren azken fase horretan, ohiko bide elektronikoez gain, klubak unean uneko osasun-egoerak ahalbidetzen dituen hainbat saio presentzial egiteko aukera emango die hala eskatzen duten bazkideei. Hilaren 17ko astean honen inguruko informazio gehigarria eskainiko da.
Zalantzarik izanez gero, bazkideek klubarekin harremanetan jartzeko aukera dute bazkideak@cdbidasoa.eus helbidean. Bulegoak arreta publikoa urtarrilaren 10etik aurrera berreskuratuko du.
Azkenik, klubak prozesu guzti honetan zehar jasotzen ari den bazkideen laguntza azpimarratu eta eskertu nahi du.