Il Capo Hondarribia Bidasoak garaipen ederra lortu du igande honetan Hondartzan Sugraf Zaragoza bigarren sailkatua 42-29 mendean hartuz. Neurketa zirraragarria izan da lehen minututik: nahiz eta aragoiarrek aurrea hartu Bidasoa Irunen jokatu zuen Edgar Penón eta Monzóni esker (1-2, 3. minutua), Aitor Etxaburuk prestatzen duen taldeak 3-0 partziala sartu Xabier Barretok eta Tao Gey-Emparanek (2) egin dituzten golei esker, Sugraf Zaragozaren lehen hutsartea behartuz. Berdinketa itzuli da markagailura (6-6, 7. min.), baina tarte txikirako: hurrengo hamar minututan, 11-4 partzialak aire eman dio talde hondarribiarrari (16-10, 17. min.), eta atsedenaldira aurretik iristeko balio izan dio (21-16).
Amore emateko gogorik gabe, Arrate Eibar Eskubaloiaren atzetik zihoan Sugraf Zaragozak bi goletara jartzeko aukera izan du aldageletatik bueltan, baina Gey-Emparanek 40. minuturako aldea lehenengoz bederatzi goletara eraman du (29-20, 40. min.). Bigarren zatiaren lehen erdia betetzear zenean, Asier Satrústeguik ezarri du hamar goleko errentaren marka, eta gola gora, gola behera, amaiera bitartean aldeak irekitzen joan dira Hondartza Kiroldegira bertaratu diren zaleen gozamenerako.
Lehen itzulia amaitzeko bi neurketa falta dira: Tolosa Eskubaloiaren aurka Usabal Kiroldegian (urtarrilak 16) eta etxean, lider sendoaren aurka, hurrengo astean. Aurretik, Etxabururen taldeak koronabirusagatik atzeratu zen lehen neurketa jokatuko du asteazken honetan Barakaldon (20:15ean) Inmobiliaria Ezker Aldea BM. Barakaldoren aurka.
Il Capo Hondarribia Bidasoa bost urte eta gero itzuli da Lehen Nazional Mailara, eta laugarren doa 16 puntu eta bi partidu gutxiagorekin (Barakaldo eta Egia Teila Fabrika), Arrate Eibar Eskubaloia liderra da (25 puntu); Helvetia Anaitasuna bigarren (19 puntu); Sugraf Zaragoza hirugarren (18 puntu, neurketa bat faltan) taldeen atzetik.
Fitxa teknikoa
42- Il Capo Hondarribia Bidasoa (21+21). Larrarte, Zabala, Mujika (2), Santano (2), Gey-Emparan (9), Furundarena (5), Olalla, Satrústegui (6), Martiarena (3), Galán Arana (4), Martin (3), Urruzola, Barreto (4), Mendizabal (1), Iribar, Nieto (2).
29 – Sugraf Zaragoza Balonmano (16+13). Mihai, Millán (2), Monzón (2), Cendoya (2), Martínez (2), Ania (1), Úbeda (1), Salmerón (3), Ortega (3), Segura, Sanjuán (5), Rabhi, Lanero (2), Penón (4), Sanz, Bea (2).
Partzialak. 4-2, 8-7, 12-10, 17-11, 18-14, 21-16; 22-18, 27-20, 31-21, 35-23, 38-27, 41-29.
Epaileak. Cabezas Cadenas eta Hurtado Elortegi. Etxekoen aldetik Nieto, Galán Arana eta Olalla zigortu dituzte bi minutuz. Aragoiarren aldetik, Segura, Salmerón, Penón, Sanjuán eta Ania.
Bestelakorik. Lehen Nazional Mailako C multzoko 13. jardunaldia Hondartzan. 250 bat zale.