Bidasoa Irunek ezin izan du Poloniak punturik lortu Orlen Wisła Płocken aurka gogor lehiatu ostean (33-26) asteko Europako bigarren neurketan. Sendo eta arin hasi dute bidasotarrek partida eta Kauldi Odriozolak sartu duen lehen golari etxekoek erantzun ostean, bosnako berdinketatik aurrera (6. minutua) aldeak irundarren aldekoak izan dira, Jon Azkueren gidaritzapean, bi goleko errenta ireki arte (13. min, 7-9). Hala ere, poloniarrek markagailua irauli dute, eta azken bost minutuetan, aldea bost goletara eraman dute (19-14).
Bigarren zatiaren hasieran neurketa etxeko taldearen alde hausteko arriskua egon arren (36. min, 24-16), bidasotarrek defentsan erakutsi duten intentsitatearekin eta erasoko lanean ondo jokatuta eutsi diete norgehiagokari 48 ordutan jokatzen zuten bigarren partidan Suitzan garaipena erdietsi eta gero. Rodríguezen, Odriozolaren, zazpi metroetan bakarrik parte hartu ahal izan duen Caveroren, Nietoren, Zabalaren eta Azkue goleatzaile nagusiaren (9 gol) jokaldiek Bidasoa Irun suspertu eta bost goletara jartzeko aukera eman diete. Azken hamar minutuetan, ordea, ez da aldaketa handirik izan eta talde poloniarrak 33-26 irabazi du partida.
Bidasotarren hurrengo neurketa Errege Kopako lehen kanporaketari dagokiona izango da behin Valladolideko norgehiagoka bertan behera geldituta, datorren Sarrià de Ter-en Unió Esportiva Sarrià taldearen aurka (21:00etan).
Fitxa teknikoa
33 – Orlen Wisła Płock (19+14). Morawski, Daszek (2), Susnja, Szita (6), Krajewski, Terzic (1), Mihic; Witkowski, Lucin (7, 4 p.), Jurecic (1), Fernández (5), Serdio (5), Komarzewski, Mindegia (1), Zhitnikov (3), Kosorotov (2).
26 – Bidasoa Irun (14+12). Ledo, Odriozola (3), Aginagalde, Azkue (9, 6 p.), Mujika (1), García (2), Rodríguez (1); Sierra, Cavero (2 p.), Ugarte (2), Zabala (3), Furundarena, Tesoriere (1), Francisco da Silva, Nieto (1), Fernández (1).
Partzialak. 5-3, 6-7, 9-9, 12-11, 15-13, 19-14; 22-15, 25-18, 27-20, 29-22, 33-26.
Epaileak. Ismailj Metalari eta Nenad Nikolovski. Etxekoen aldetik, Krajewski (2), Susnja eta Lucin zigortu dituzte bi minutuz. Bidasotarren aldetik, Odriozola eta Zabala.
Bestelakorik. EHF European Leagueko 5. Jardunaldia, azaroaren 30ean jokatu beharrekoa COVID-19agatik atzeratua. 900 bat ikusle Orlen Arenan.