Il Capo Hondarribia Bidasoak garaipen itzela lortu du igande honetan liderra, Helvetia Anaitasunaren bigarren taldea, azken segunduan mendean hartuta (30-29). Neurketa ia osoan markagailuan atzetik joan da Aitor Etxabururen taldea, bi momentutan salbu, Mikel Galán Aranak sartutako bi golei esker: lehen zatiko 12. minutuko 7-6 eta amaieran. Hala ere, ez du aurpegirik galdu eta asmatzerik ez zutenean, batez ere lehen zatiko amaieran berdinketa erdiesteko, eusten jakin dute hondarribiarrek eta kontrako errenta bi golekoa soilik izan da aldageletara bidean (13-15).
Iazko txapeldunordea (Hierros Servando Eibar taldearekin 48 punturekin berdinduta) bigarren zatia neurketa hausteko asmoz hasi du, baina hondarribiarren defentsak, Joseba Zabala atepean, denboralea pasatzea lortu du ia beterik egon diren harmailaren babesarekin; tartean, Bidasoa Iruneko entrenatzailea, Jacobo Cuétara; eta Elgorriaga Bidasoako jokalari ohi Oleg Kisselev, Fernando Bolea entrenatzaile ohia eta Javi Barreto.
Minutuak aurrera egin ahala, talde iruindarrak beste saiakera egin du eta amaierarako zazpi minutu faltan, 24-27 aurretik zihoan. Jokalari bat gehiagorekin, Il Capo Hondarribia Bidasoak Hugo Martiarenaren eskutik (berdeen goleatzailerik onena Galán Aranarekin batera, sei gol) tartea gol bakarrera murriztu eta neurketa parez pare berrireki da hurrengo minutuan, Galán Aranak berdinketa ezarriz (27-27, 56. minutua).
Bi jokalari hauek izan dira protagonista nagusiak azken segundutan. Behin hondarribiarrek 29 goletako berdinketa lortuta azken minutu erdian, Helvetia Anaitasunak azkar atera eta euren jaurtiketa Zabala atezainak gelditu du. Epaileek jokoa jarraitzen utzi arren, alboko-lerroan falta adierazi dute, eta horren ondorioz, Barreto bi minutuz zigortu. Hala ere, azken zazpi segundutan bidasotarrek izan dute baloia. Areatik Zabalak atera du, Furundarenak Galán Arana ikusi eta kanpotik, behin-betiko 30-29 lortu du.
Emaitza honekin, Etxaburuk prestatzen duen taldea Ligako bosgarren da zortzi punturekin, lau garaipen eta bi porrot lortuta Lehen Nazional Mailarako itzulera honetan. Hurrengo neurketa datorren igandean Lasesarren izango da, Inmobiliaria Ezker Aldea Balonmano Barakaldoren aurka (12:30ean).
Fitxa teknikoa
30 – Il Capo Hondarribia Bidasoa (13+17). Zabala, Larrarte, Mujika (3), Arruabarrena (1), Santano (2), Furundarena (1), Olalla, Satrustegui (3), Martiarena (6), Galán Arana (6), Martin, Urruzola (2), Barreto (2), Mendizabal, Nieto (4).
29- Helvetia Anaitasuna (15+14). Martínez, Casas (6), Ayúcar (4), Fernández (4), Martín, Francés, Andueza, Alejando Ortiz, Redondo (2), Adrián Ortiz (5), González, Itoiz, Arzoz (1), Albizu (5), Iribarren, Etxarte (2).
Partzialak. 2-3, 5-6, 7-8, 9-10, 12-13, 13-15; 15-18, 18-19, 20-22, 23-25, 25-27, 30-29.
Epaileak. González Martínez eta Santamaría López. Il Capo Hondarribia Bidasoaren aldetik, Mendizabal eta Barreto kaleratu dituzte bi minutuz; eta Helvetia Anaitasunaren aldetik, González, Iribarren, Francés eta Albizu.
Bestelakorik. Lehen Estato Mailako C Multzoko 6. jardunaldia Hondartza Kiroldegian, ia beteta, 400 zale.