Bidasoa Irunek bi puntu oso garrantzitsu eta landutakoak lortu ditu ostiral honetan Viveros Herol BM. Nava 25-31 mendean hartu ostean. Lehen zatia ez da ona izan bidasotarren intereserako, eta hasierako lehen minutuak kenduta, atzetik joan dira markagailuan. Behin tartea hiru goletara igo denean, Jacobo Cuétara entrenatzaileak hutsartea eskatu eta Irungo taldeak 0-2 partzialarekin erantzun du. Momentu txarrak pasata (16. minutuan, 9-6), Bidasoa Irunek berdinketa ezartzeko aukeraren bat ere izan du, nahiz eta atsedenaldira 13-11 iritsi.
Sendo atzean, José Manuel Sierra bikain atepean 30 minututan, erasoan arinago ibili da talde bidasotarra, eta hasi eta berehala eman dio buelta markagailuari. Ezinean, etxekoek hutsartea eskatu dute bigarren zatiko zazpigarren minutuan (14-16), baina neurketak norabide zehatza zuen. Minutuak aurrera joan, bidasotarrek euren nagusitasuna ezbairik gabe baieztatu eta bi puntu oso garrantzitsu lortu dituzte kantxa zailean (25-31).
Bidasotarren hurrengo neurketa EHF European Leaguekoa Artalekun asteartean izango da Pfadi Winterthurren aurka (20:45ean). Ligako hurrengoa, datorren larunbatean etxetik kanpo, Ángel Ximénez Puente Genilen aurka (13:30ean).
Fitxa teknikoa
Viveros Herol BM. Nava (13+12). Patotski, Vujovic (1), Moyano (4), D’Antino (5, 2 p.), Pérez Arce (3), Carró (1), Prokop (5, 1 p.); Pleh, Djukic (3), Villagrán, Tsanaxidis (2), Mota, Marugán, Rosales, Smetanka, Herranz (1).
Bidasoa Irun (11+20). Sierra, Cavero (3, 3 p.), Zabala (1), Odriozola (3), Salinas (5), Renaud-David (2), Tesoriere; Ledo, Ugarte (6), Furundarena, Mujika, Azkue (5), Francisco da Silva (1), García (2), Rodríguez (1), Fernández (2, 1 p.).
Partzialak. 1-2, 4-2, 7-5, 9-8, 11-10, 13-11; 14-15, 15-16, 17-21, 19-22, 22-27, 25-31.
Epaileak. Axel Riloba Pérez eta Alejandro Hoz Fernández. Segoviarren aldetik, Vujovic (2), kaleratu dute bi minutuz. Bidasotarren aldetik, Odriozola, Zabala eta García.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako 8. jardunaldia Guerrer@s naveros kiroldegian. Ia beteta, 700 zale.