“Etxean gure zaleekin batera oso indartsuak izan behar dugu”. Jacobo Cuétara Bidasoa Irun taldeko entrenatzaileak Artalekuk giro bikaina bizitzeko deia egin du ostiral honetan, 21:00etan, Logroño La Riojaren aurka jokatuko duen neurketan, “egun Ligan ziurrenik sasoi onenean dagoen taldea, eta agian, txapeldunordea izateko faborito nagusietako bat”.
Leóngo partida atzean utzita, Bidasoa Iruneko entrenatzaileak taldea berriz ere bere onera itzultzeko garrantzia azpimarratu du: “Eskubaloian ondo jokatu behar dugu, ondo defendatu eta ondo eraso. Jokalari askok erritmoa hartzeko fasean gaude, eta horretan gaude burubelarri; gero, zenbait ukitu ematen ditugu neurketa bakoitzeko aurkariaren arabera, baina, une honetan, garrantzitsuena gure jokoa hobetzen joatea da”.
Zenbait kirolarik dagoeneko hamar partida ofizial jokatu duten arerio baten aurrean, Bidasoa Irunen helburua erritmo hori hartzen joatean datza: “Nik uste dut Europa nahiko ondo etorriko zaigula erritmo hori hartzeko. Jokalari batzuek bi edo hiru partida bakarrik jokatu ahal izan dituzte, eta gainera, jokalari garrantzitsuak dira. Horren aurrean ezer gutxi egin dezakegu, arreta jarri baino, eta hortik aurrera partida ondo prestatu, partida ona jokatu, jendeak lagun gaitzala eta lagunduko digulakoan”.
Entrenatzaile bidasotarrak zaleak funtsezko faktoretzat jo ditu: “Etxean jokatzen dugu eta hor indartsuak gara. Labana hortz artean dugula joango gara Logroñori ahal dugun guztia kendu eta neurketa aurrera ateratzeko”.
Cuétarak aitortu duenez, Leóngo norgehiagokak zapore txarra utzi zuen “izan zen partiduagatik, egon zen diferentziagatik eta jokoagatik. Normalizatu egin behar da gal dezakegula, baina ez horrela, eta horrek min eman behar du. Borrokan jarraitu behar dugu, hurrengo partidari begira. Ezin dugu iraganean hainbeste pentsatu, etorkizunean datorkiguna oso zaila baita”.
Horregatik, entrenatzaile bidasotarrak ulertzen du “garaipenak eta porrotak normalizatu” behar direla, “porrot edo garaipen bat lortzen dugun bakoitzean gorabehera emozionalekin ibili gabe. Hurrengo partidan jarri behar da arreta, gaizki egin duguna aztertu, hazten jarraitzeko, hobetzeko eta hurrengo partidari begira jartzeko”.
Ostiralekoa izango da zaleek orain arte baino askoz murrizketa gutxiagorekin jokatu ahal izango duten lehen eguna, eta entrenatzaile bidasotarrak pozgarritzat jo du hori: “Irunen eskubaloia arnasten da, zaleek gu jokatzen ikusteko eta taldea animatzeko duten gogoa nabaritzen da, eta hori sumatzen dugu. Guretzat oso garrantzitsua da neurketan babes hori, bai une onetan, baina batez ere txarretan, partidak aurrera ateratzeko”.
Cuétarak adierazi duenez, “une bikainak izango ditugu, non oso ondo egongo garen eta beste batzuetan hain ondo jokatzen ez dugun, eta garrantzitsua izango den puntuak ateratzea”. Entrenatzailearen ustetan, Sacyr ASOBAL Ligan erregulartasun hori lortzeko “ezinbestekoa da Artalekun, gure zaleekin, oso indartsuak izatea. Zaleek ahalik eta gehien laguntzen digute eta espero dugu jende asko etortzea giro bikaina izateko, ikuskizun bikaina ikusteko eta bi puntuak ateratzeko”.
Bazkideak, lagun batekin
Artalekura %100ean itzultzea eragozten duten murrizketa txikiekin bada ere, klubak ekimen txikiak jarri ditu martxan pabiloira bertaratzea sustatzeko. Bazkideek Berrlyko Bazkide Gunean dute lagun batentzako sarrera erosteko aukera 8 euroren truke, eta hiriko ostalari elkarteko hogeitamar bat tabernei, pandemian gehien kolpatutako sektoreetako bati, beste hainbat sarrera bikoitz eskaini zaie ostegun honetan euren bezeroen artean zozketa egin eta ostiral honetan neurketaz gozatzeko.