Bidasoa Irun taldeko entrenatzailea den Jacobo Cuétarak bere taldeak asteazken honetan Artalekun Unicaja Banco Sinfínen aurka jokatuko duen partidari aurre egiteko “adi eta prest” egotearen beharra azpimarratu du.
Momentuz, Irungo taldea laugarren postuan dago lau jardunaldiren ostean, sailkapeneko hirugarrenarekin berdinduta. “Pozik gaude goian gaudelako oso berdinduta dagoela erakusten ari den Liga honetan, emaitza ‘arraroak’ daudela. Iaz gora joan ginenok puntuazio errekorren erritmotan ibili ginen bezala, badirudi aurten askoz ere banatuago egongo direla puntuak”, ohartarazi du Cuétarak, eta gogorarazi du lehen jardunaldi hauetan talde bidasotarrak etxean jokatu duela jada Barçaren aurka eta bi partida kanpoan izan dituela.
Ia atsedenik gabe, Artalekuk Sacyr ASOBAL Ligako bosgarren jardunaldia jasoko du asteazkenean, hiru partidako bigarrena aste bakarrean. Bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten Barakaldon irailaren hasieran, baina entrenatzaile bidasotarrak ohartarazi du lagunarteko hori ez dela “erreferentzia handia, haiek baja asko zituztelako, eta guk, ere bai. Izan ere, partida horretako minuturik onenak gazteekin jokatu genituen, azken partziala atera genuenean. Ez du asko balio erreferentzia gisa”.
Prestatzaile bidasotarrak “etxean kanpoan baino hobeto lehiatzen ari den taldea” ikusten du aurrean, “nahiz eta oso jardunaldi gutxi daramatzagun. Defentsa gogorra dute, trinkoa, 6:0an eta 5:1ean. Viveros Herol Navari irabaztetik dator eta etxean Abanca Ademar Leoni zailtasun asko planteatu zizkion, ia irabaztea lortu zuten, eskuetatik joan zitzaien. Azken partidan, Navaren gainetik pasa ziren, denboraldi hasierako errebelazio taldeetako bat zena. Kontuz ibili behar dugu aurkari guztiekin, eta etxean zentratuta eta mentalizatuta atera behar dugu”.
Jardunaldiek aurrera egin ahala, taldeak jokalariak berreskuratuko ditu, Jon Azkue eta Julen Aginagalderekin igandean Antequeran gertatu zen bezala: “Aurreko egunean Jon eta Julen minutuak hartzen joateko balio izan zigun, eta Léo Renaud-Davidi aukera hori ere eman beharko zaio, taldeko beste bat izan dadin, nahiz eta pozik nagoen, entrenamendu erritmoa duelako. Orain garrantzitsua da txapelketa erritmoa hartzea”.
Neurketa asteazken honetan jokatuko da 20:15ean Artalekun (telebistarik gabe). Pandemiaren egungo neurrien arabera, klubeko bazkide guztiek bertaratzeko aukera dute ohi bezala pase birtuala lortu ondoren. Bazkide ez direnen sarreren salmenta ere erabilgarri dago taldearen webgunean eta esteka honetan: https://labur.eus/2122BIDSINsarrerak