Bidasoa Irunek denboraldiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo Iberoquinoa Antequera 16-23 irabazi ostean. Talde irundarrak ez zuen sustorik nahi, eta hasiera-hasieratik bideratu du neurketa, defentsa lanetan oso sendo eta José Manuel Sierra nabarmen atepean. Minutu esanguratsuak izan dira zortzi eta 19 bitartean, Sierrak ez baitu golik jaso. Tarte horretan, Jacobo Cuétarak prestatzen duen taldeak 0-7ko partziala sartu eta 3-12koa ezarri du markagailuan atsedenaldirako 10 minutu pasatxo falta zirenean. Aldageletara bidean gauzak ez dira gehiegi aldatu eta 8 goleko errenta lortu dute bidasotarrek (8-16).
Lanak nabarmen bideratuta, bigarren zatia kontrolpean eduki du Cuétararen taldeak, nahiz eta une batzuetan andaluziarrak markagailuan sei goletara hurbildu. Garaipenaz haratago, Jon Azkue kapitainak eta Julen Aginagaldek denboraldiko lehen minutu ofizialak jokatu ahal izatea izan dira goizeko albiste onenen artean Eneko Furundarena eta Tao Gey-Emparan sartu diren deialdian, mindutako Kauldi Odriozola eta Léo Renaud-Daviden, transferraren zain, ordez.
Hiru partidatako astean, bidasotarren hitzordua asteazkenean etxean bere zaletuen aurrean izango da Unicaja Banco Sinfín taldearen aurka (20:15ean).
Fitxa teknikoa
16 – Iberoquinoa Antequera (8+8). Moyano, Del Castillo, Santamaría (1), Grandi (2), Moreno, Baena (1), Silva (4); Alarcón, Podadera, Castro, Iglesias (1), Gavidia (1), Morales (2), Ortega, Vázquez (2), Simenas (2).
23 – Bidasoa Irun (16+7). Sierra, Cavero (1 p.), Zabala (1), Salinas (5, 1 p.), Francisco da Silva, Rodríguez (3); Ledo, Ugarte (2), Gey-Emparan (1), Furundarena (1), Aginagalde, Azkue (2), García (4), Fernández (3).
Partzialak. 1-2, 3-6, 3-10, 4-12, 4-14, 8-16; 8-17, 9-20, 11-21, 12-21, 15-22, 16-23.
Epaileak. Macías de Paz eta Ruiz Vergara. Etxekoen aldetik, Ortega eta Simenas zigortu dituzte bi minutuz; bidasotarren aldetik, Tesoriere, Zabala eta Ugarte.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako 4. jardunaldia Antequerako Fernando Argüelles kiroldegian 800 bat zaleren aurrean.