Léo Renaud-David Bidasoa Iruneko jokalari berria prentsaurrean aurkeztu da ostegun honetan, eta eskerrak eman ditu Irunera iritsi ahal izateagatik: “Oso pozik berriro hemen egoteagatik”. Bere egokitzapen prozesuak ez duela denbora asko beharko uste du: “Urte askotan hemen jokatu dudanez, Jacobo (Cuétara) eta bere joko sistema ezagutzen ditut. Hori beti da plus bat, bestela, jokalari berri batek aste batzuk behar ditu bere burua egokitzeko. Oso azkar moldatuko naiz”.
“Jacobo nirekin harremanetan jarri zenean, oso azkar egin zen, ez dut bi aldiz pentsatu. Hemen jokatu dut nire ibilbidean denbora gehien, nire etxea bezalakoa da, oso ondo sentitzen naiz, jaioterrian sentitzen naizen bezala. Oso pozik nago hona itzuli naizelako, eta ahalik eta gehien laguntzeko gogoz nago”, aitortu du Renaud-Davidek,”Gurutzi eta klubari eskerrak emanez, elkarrekiko laguntza delako”.
Ezker albokoak azaldu duenez, Irunera iristeak “orain klub bat izatea eta Gabonak arte jokatu ahal izatea” ahalbidetzen dio: “Niretzako laguntza bat da, eta eskerrak eman nahi nizkien jende guztiari, ongietorri mezu asko jaso ditudalako. Horrek ez du preziorik!”.
Barçaren aurkako deialdian sartu edo ez nazioarteko federazioen tramiteek aginduko du, baina jokalariak erritmoa hartu behar duela aitortu du: “Hamar egun dira baloirik ikutzen ez nuela, eta ikusiko dugu larunbat honetan berriz jokatu ahal izango dudan. Noski gustatuko litzaidakeela, Artaleku berriz ere bete daitekeelako eta Artalekun egoterik izan ez izana gogorra izango zelakoan nago”.
Momentuz, taldearekin entrenatzen ari da, eta taldea “onerako” aldatuta ikusten du: “Atzo (asteazkenean) entrenamenduan aldaketa handia ikusi nuen gazteekin, hobera egin dute eta plus bat da klubarentzat. Hobetzen ari dira, harrobiarekin aldaketa handia ikusi dut”.
“Poza Leorekin”
Renaud-David aurkeztearen arduraduna Gurutz Aginagalde C.D. Bidasoako presidentea izan da, eta “Léo gurekin dagoelako pozik gaude” adierazi du. Aginagalderen hitzetan, “ezer gutxi esan daiteke zaleek ez dakitenik. Zorionak Léo eta Bidasoako bideek hirugarren aldiz topo egin dutelako”.
Bidasotarren presidenteak azken fitxaketaren bilaketa ekainetik nola egin den azaldu du: “Dan Racoteagatik eskaintza bat iritsi zenean, Dan eta klubarentzat egoera ona zela uste genuen, eta jokalari bat irteten uzteko une txarra izan arren, egoera egokiena zela erabaki genuen. Urteko une horietan merkatua zaila izan ohi da, ia jokalari guztiak itxita baitaude”.
“Hilabete hauetan aukerak aztertu ditugu eta eskaintzak izan ditugu, baina hainbat arrazoi tarteko, ez dira atera. Ulertzen genuen pasatu ezin genuen marra gorri bat genuela, ekonomikoa; izan ere, pixkanaka normaltasunera itzultzen ari garen arren, pandemia eta bere arazoak oraindik gaineak ditugu. Horrekin batera, argi geneukan etorriko zenak lehendik duguna baino hobea izan behar zuela, Jacoboren (Cuétara) eta Borjaren (Burguete) lanarekin gazteak gero eta hobeto ari baitira”.
Baldintza horietan sortu da “Léoren aukera, eta eskerrak eman nahi dizkiot hona etortzeko erakutsi duen prestutasunagatik eta azkartasunagatik. Plus garrantzitsua ematen digun jokalaria da, klubak beharrezkotzat jotzen zuen 15. jokalari hori. Guretzat Europa ez da helburu bat, baina denboraldi honetan European Leagueko multzoen fasean gaude eta horrek Liga baldintzatzen digu, guretzat lehentasuna dena”.