Bidasoa Irunek puntu baliotsua lortu du Cangas do Morrazon Frigoríficosen aurka 24na berdindu ostean. Neurketa hasieratik jarri zaio maldan gora talde gipuzkoarrari arrazoi desberdinak medio. Lehenengo zatian, golik sartu gabeko 13 minutuek izan dute erruaren zati handia. Dariel Garcíak banakoa jarri ostean, ia ordu laurdena pasa behar izan da Víctor Rodríguezen eskutik 6-2koa ikusteko. Gutxinaka, Jacobo Cuétarak prestatzen duen taldeak aldeak murriztu ditu, eta atsedenaldirako lau minutu falta zirenean, errenta gol bakarrekoa zen galiziarren alde, Mikel Zabalak sartu duen golari esker (12-11, 27. minutua). Atsedenaldira, ordea, hiru gol atzetik iritsi dira irundarrak (14-11).
Aldageletatik bueltan, errentak txikiak izan diren arren, Bidasoa Irunek ez du lortu berdinketarik, eta are gehiago, etxekoek bost goleko aldea ireki dute beste behin 41. minuturako (20-15). Ez zen azkena izango, eta amaierarako ordu laurdena falta zenean, markagailuak 22-17 adierazten zuen. Defentsan sendo eta José Manuel Sierra atepean, Bidasoa Irun baloiak berreskuratzen hasi da eta Kauldi Odriozola, Adrián Fernández, Víctor Rodríguez, Eneko Furundarena eta Zabalaren eskutik, berdinketa eskuratzea lortu du (24-24).
Bidasotarren hurrengo neurketa larunbatean Artalekun izango da, Barçaren aurka (15:00etan, Gol TV).
Fitxa Teknikoa
24 – Frigoríficos del Morrazo (14+10). Díaz, Monteiro (1), Dani Fernández (1 p.), Iglesias (6), Rubén Soliño, Alberto Martín (3), Gayo; Forns, Moi (5, 2 p.), Santi López (1), Quintas (1), Aizen (5), Brais González, Asensio (1).
24 – Bidasoa Irun (10+14). Sierra, Cavero, Salinas (4), Tesoriere, Francisco da Silva, García (1), Fernández (3); Ledo, Ugarte, Rodríguez (4), Furundarena (4), Nieto, Odriozola (4), Zabala (4).
Partzialak. 3-1, 4-1, 7-3, 10-6, 12-9, 14-11; 15-14, 18-15, 22-17, 22-21, 23-21, 24-24.
Epaileak. Ausàs Busquets eta Florenza Virgili. Etxekoen aldetik, Martín (2), Moi eta Aizen zigortu dituzte bi minutuz; bidasotarren aldean, Furundarena, Tesoriere, Zabala eta García.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako 2. jardunaldia O Gatañalen, 800 bat zaleren aurrean. Neurketa hasi baino lehen, etxeko taldeak Teresa Portela omendu du Tokioko Olinpiar Jokoetan lortutako dominagatik.