Jacobo Cuétara Bidasoa Iruneko entrenatzailea pozik agertu da denboraldi-aurrean taldeak izan duen bilakaerarekin, behin azken lagunartekoa jokatuta Unicaja Banco Sinfinen aurka Barakaldon, Juan de Zubileta I. Txapelketan: “Ostiraleko partidaren kargekin kontuz ibili behar genuen, batez ere lehen taldeko jokalariei dagokienez, erreserbatu eta dosifikatu egin behar izan ditugu, ezertxo ere ez gertatu ez zedin Billèreren aurkako neurketaren ostean”.
“Lehen taldeko jokalari gehienek zati bakoitzaren hasierako hamar minutuak jokatu dituzte, eta partidaren zati handiena gazteek aurrera atera dute, eta oso errendimendu onarekin gainera: lehen zatian aldeak mantenduz eta bigarrenean, tartea irekiz”, azaldu du Cuétarak: “Haientzat proba ona izan da, Unicaja Banco Sinfinen aurka jokatu eta egin duten mailan”.
Datorren larunbatean, Artalekuk Sacyr ASOBAL Ligako lehen partida jasoko du, Helvetia Anaitasunaren aurka (20:00etan). Cuétararen ustez, “taldea Ligarako prestatzen ari da, dena aldatzen da, hau lagunarteko partidak baitziren. Egindako lanarekin sentsazio onekin goaz, baina orain garrantzitsuena hasiko da, dena berdinduko da. Kostako zaigu, batez ere lehen jardunaldietan. Jakin badakigu, errodaje gehiago behar dugu, lesioekin zer gertatzen den ikusteaz gain, litekeena baita baja batzuk izatea eta lehen jardunaldiak zailxeagoak izatea guretzat. Neurketa horiek aurrera ateratzeko arreta jarri behar da”.
Irungo entrenatzailearen ustez, prestaketa lanetan “dezente aurreratu dugu. Emaitza jakin batzuengatik benetakoak ez diren sentsazioak ematen dituzte partidek, baina oso lehiakorrak izan gara beti. Une batzuetan, hainbeste partida jokatzeagatik, ahaleginak asko dosifikatu ditugu, eta gazteek ere asko jokatu dute. Gero, partida ofizialak iristen direnean, ikasitako edukiak orratzez hartuta daudela konturatzen zara, ez baitu oraindik finkatzeko denborarik eman. Ikus dezagun gure joko osoa zer punturaino dugun barneratua, eta bitartean, gabezia batzuk lehiakorragoak izatearekin ordezkatu behar ditugu, biziagoak izatearekin eta aurkarien ahuldadeak bilatzearekin. Agian, denboraldi-aurre honetan transmititu dugun sentsazioa baino gehiago kostatuko zaigu hasieran”.
Cuétararen esanetan, ostiralean Artalekun jokatu zen aurkezpen neurketa baliagarria izan daiteke Ligako estreinura begira: “Lehen jardunaldia etxean jokatzea ez zait gustatzen egon ohi den urduritasunagatik eta zaleak gustuko izateko gogoagatik. Horrek kalte handiagoa egin ohi dio etxean jokatzen duenari, baina hala ere, ostiralean Billèreren aurkako partida izan genuen Artalekun, ia 600 ikuslerekin, partida oso urduria izan zen, eta larunbatekoari hobeto aurre egiteko lagungarri izan daiteke. Helvetia Anaitasunarekin lehian egon arte ez dugu jakingo. Lehiakor izateko puntuan bagaude, baina asko falta zaigu gure topea emateko”.
Gazteak, “aurredenboraldiko albiste nagusietako bat”
Lehen taldeko eta bigarren taldeko gazteek aurredenboraldi honetan izan duten papera ere baloratu du entrenatzaile bidasotarrak: “Beraiekin lau urterako proiektua genuen eta denbora horretan baten bat iristeko gai ote zen ikustea. Estimazio hori murriztu egin da: oso ondo ari dira lanean, epe guztiak hobetuz, eta bilakaera oso azkarra izaten ari da. Lasai goaz beraiekin, baina oso azkar doaz euren maila hobetzen, zentratuta daudelako. Oso pozik gaude ematen diguten guztiaz”.
Cuétararen ustez, “progresio hori jarraituz gero, elitera iritsi daitezkeen jokalariak dira, nahiz eta oraindik falta zaien. Ez litzateke bidezkoa izango taldean ardura handiak hartu behar izatea, pixkanaka minutu gehiago hartu behar dituzte. Oso bide onetik doaz. Hori erakusten ari dira eta aurredenboraldiko albiste nagusienetako bat dira: gazteen eta hainbeste gazteren errendimendu handia aldi berean. Oso pozik gaude”.