Bidasoa Iruneko entrenatzailea, Jacobo Cuétara, gustura agertu da bere taldeak Fenix Toulouse HBren aurka jokatutako bi lagunartekoen ostean. “Neurketa bietan aukerak izan ditugu, amaierara arte nor baino nor ibili gara eta, bigarrenean, irabaztea lortu dugu” nabarmendu du Cuétarak, zaleak berriz ere harmailetan topatzeaz “pozik”.
“Plazerra da gure zalegoaren aurrean berriz ere jokatzea, bai Irunen bai Orion, giro apartarekin”, azpimarratu du Bidasoa Iruneko entrenatzaileak asteburuko jokoa aztertu aurretik. “Europan dabilen talde handi baten parean ibili gara bi egunetan. Akatsak izan ditugu, sistema akatsak, joko akatsak eta konbinaziotan, eta hau positiboa da orain, hobetzeko dugun marjin handia erakusten duelako”.
“Arerioak EHF Europa Leagueko lehen kanporaketa bi aste barru jokatu beharko du eta, gainera, talde frantziarrak gu baino zertxobait lehenago hasi ohi dute euren aurredenboraldiak. Ongi ari gara lanean, erritmo onean eta bi neurketetan ikusi da”, azaldu du Cuétarak. Bere hitzetan, “gaur Artalekun baino hobeagoak izan gara, eta astelehenean, gaur baino hobeagoak izan behar dugu. Hori da bidea”.
“Fenix Toulousek erritmo altuagoa zuen, lau aste daramatza lanean, eta hala ere, hor egon gara, gazte asko jokoan sartuta, hori baita gure lan-filosofia”, adierazi du Cuétarak: “Oso pozik nago egindako jokoarekin, emaitzekin eta taldearen jarrerarekin”.
Gazteen artean, Eneko Furundarenaren lana izan da nagusiena Orioko neurketan. “Eta ez bakarrik golei dagokienez, defentsan ere bai”, aipatu du Cuétarak Usurbilgo jokalariari buruz: “Atzean lan oso ona egiten ari da, eta horrek jokoko hainbat fasetan erabilgarri bihurtzen du. Hazten ari da, ez bakarrik erasoan, ikusgarriena izan daitekeena, baizik eta defentsan ere bai. Jokalari oso erabilgarria izan daiteke bere moldaerraztasun eta gaztetasuna ikusita”.
“Gustura defentsa lanetan”
Zazpi gol sartuta, Eneko Furundarena izan da bidasotarren goleatzailerik onena Orioko garaipenean. “Gustura egin dugun lanarekin”, adierazi du usurbildarrak, egindako neurketaz mintzo aurretik: “talde gogorra da Toulouse, frantziar Liga gogorra da, eta Fenix goitik dabil beti. Ostiralean ez nuen hainbeste jokatu, baina Jacobok eskatu zigun jokatzen genuela jokatuta beti dena eman behar genuela”.
Esan eta egin: “Lehen partidua ez nuen hain ona izan, baina pazientzia behar da beti berdina ez baita izango. Gaurkoan gustura, gauzak atera zaizkit eta taldea laguntzeko aukera izan dut. Hemen talde lana da inportanteena. Jokalari bakoitzak bere partidua izango du, eta gaur tokatu zait”.
Erasoan egindako lanaz aparte, Furundarenak defentsa lanean eroso dabilela aitortu du: “Hasieratik Jacobok planteatzen duen defentsara ohitu naiz eta gustora egoten naiz”.