Ostiralean Hondarribian jokatu behar zen Fenix Toulouse HB eta Bidasoa Irun taldeen arteko lagunarteko neurketa Irungo Artaleku kiroldegian jokatuko da 19:30etik aurrera. Norgehiagoka C.D. Bidasoako bazkideentzat zabalik eta doanik izango da.
Hondarribiko hitzordua ohikoa da Bidasoa Irungo udako prestaketaren hasieran, baina aurten ezin izan da Hondartza kiroldegian egin; izan ere, pandemiaren ondorioz egun dauden murrizketek edukiera 100 pertsonatik behera murriztuko lukete.
Horrela, norgehiagoka Artalekun jokatuko da, eta bertan, indarrean dauden murrizketen arabera, asko jota 400 lagun sartu ahal izango dira (horietatik, antolakuntzako kideak, komunikabideak eta klubaren beste konpromiso batzuk kendu behar dira). C.D. Bidasoako bazkide kopurua eta pandemiaren ondorioz gaur egun dauden edukiera mugak ikusita, ez da sarrerarik egongo publiko orokorrarentzat.
Lehen neurketa honen ostean, bi taldeek asteburuko bigarren partida jokatuko duten larunbatean Orion 16:00etan izango da (sarrerak salgai).
Sarrera eskaera
Ostiraleko neurketari dagokionez, kluba lanean ari da bazkideek mezu elektroniko bat jaso dezaten asteazken honetan, abuztuak 11, bere garaian klubari eman zioten helbidean. Goizeko 11:00ak baino lehen bidaliko den mezu horren bidez, sarrera zuzenean deskargatu ahal izango da, baldin eta eserleku erabilgarriak badaude. Pdf formatuan deskargatuko den sarreran QR kode bat egongo da, Artalekuko sarbidean erakutsi beharko duena.
Sarrera hartzeko epea abuztuaren 13ra arte egongo da zabalik, 15:00etan, edo, bestela, sarrerak agortu arte.
Joan den denboraldian gertatu zen bezala, eserleku guztiak erabilgarri ez daudenez, bazkide bakoitzak dagokion tokian eseri beharko du, bere ohiko eserlekua erabili gabe.
Artalekuko bulegoan aurrez aurreko arreta momentuz berreskuratzerik ez dagoenez, bazkideak@cdbidasoa.eus helbide elektronikoan argituko dira zalantzak, baleude.
Protokoloa, ohikoa
C.D. Bidasoak eskerrak eman nahi dizkie Irungo Udalari eta Bidasoa XXI elkarteari dagozkien protokoloak betetzen laguntzeagatik eta lagunarteko hau honako irizpide hauen arabera jendaurrean egin ahal izateagatik:
• Sartu aurretik, boluntarioek sarrera egiaztatuko dute, norbanakoa dagokion ordutegian sartzen ari dela eta ea bazkidea den (horretarako txartela erakutsi beharko du). Tenperatura kontakturik gabeko termometro digitalen bidez hartuko da.
• Tenperatura 37ºC-tik gorakoa bada, ezingo da sartu. Sintomaren bat duen susmoa izanez gero, pertsona horri etxean geratzeko eskatzen zaio.
• Artaleku barruan, zaleek gel hidroalkoholikoa izango dute eskuak behar bezala garbitzeko.
• Maskara zuzen jarrita edukitzea derrigorrezkoa da uneoro. Ez da baimenduta egongo ez jatea ez edatea, eta distantzia soziala gorde beharko da.
• Harmailetarako sarbidea ibilbideen arabera ezarriko da, eta ibilbide horiek kartelen eta gezien bidez adieraziko dira lurrean.
• Debekatuta dago barandetan zutik egotea: partida dagokion eserlekuan ikusi beharko da.
• Artalekuko barrualdea bi zatitan banatuko da, bat harmaila bakoitzeko, eta ezingo da alde batetik bestera gurutzatu. Horrela, harmaila bakoitzak komun batzuk izango ditu: 1., 2., 3., 4. eta 5. sektoreetako zaleek Artaleku kaleko zerbitzuetara jo ahal izango dute, eta 6,7., 8., 9. eta 10. mailetakoei Luis Mariano inguruko komunak egokituko zaizkie.
• Behin kalera aterata, ezingo da berriro sartu.
Zaleei esker
C.D. Bidasoako zuzendaritza batzordeak aldez aurretik zaleei eskertu nahi die antolatutako neurketa eta ekitaldi orotan duten pazientzia, inplikazio eta laguntzagatik, eta, azken finean, klubak bere jarduerari eutsi ahal izateko pandemia bitartean.