C.D. Bidasoak eta Julen Aginagaldek (Irun, 1982/12/8) jokalariak Bidasoa Irunen jarrai dezala adostu dute 2022ko ekainaren 30era arte. Piboteak 100 gol sartu ditu Sacyr ASOBAL Ligako, EHF European Leagueko, Errege Kopako eta Sacyr ASOBAL Kopako 40 neurketa ofizialetan. Larunbat honetan Tokioko Joko Olinpikoetako bere bigarren ibilbidea hasiko du.
Jatorrizko klubean ez ezik, Aginagalde Leongo Ademar, BM. Ciudad Real, Atlético de Madrid eta KS Kielce taldetan ibilia da. Poloniako taldearekin VELUX EHF Champions League (2015/2016) irabazteaz gain, sei liga eta beste horrenbeste kopak irabazi ditu (2013/2014, 2014/2015, 2015/2016, 2016/2017, 2017/2018 eta 2018/2019). BM. Ciudad Realekin, Asobal Liga (2009/2010), Asobal Kopa (2010/2011), Espainiako Superkopa (2010-2011) eta Kluben Munduko Txapelketa (2009/2010); Asobal Kopa Ademar Leónekin (2008/2009); eta BM. Atlético de Madrid taldean, bi Errege Kopa (2011/2012 eta 2012/2013), Superkopa espainiarra (2011/2012) eta Kluben Munduko Txapelketa (2012).
Espainiako selekzioarekin 2006ko ekainean egin zuen debuta, eta 201 neurketatan 495 gol sartu ditu. 2013ko Munduko Txapelketa, eta 2018ko eta 2020ko Europako Txapelketak irabazi ditu, 2016ko Europako Txapelketan zilarra eta 2014koan brontzea eskuratzeaz gain. Larunbat honetatik aurrera, Tokioko Joko Olinpikoei egingo die aurre.
Banakako sariei dagokienez, Asobal Ligako jokalaririk onena izendatu zuten 2010., 2012. eta 2013. denboraldietan; Munduko Txapelketako eta VELUX EHF Champions League-ko piboterik onena 2013an eta 2019an; Europako Txapelketako piboterik onena 2014an eta 2016an; eta Londresko Olinpiar Jokoetako piboterik onena 2012an.
Zaleekin batera gozatzeko “itxaropena”
Irungo jokalariaren hitzetan, “denboraldia nola joan den ikusita, jarraitzeko gogoa dut. Taldeaz eta lorpenetaz asko disfrutatu dut, baina datorren urtean gure jendearen aurrean jokatzeko dugun itxaropen horrek jarraitzera bultzatzen du”.
“Guztion ilusioa hori da, bai zaleena, bai jokalariona. Asko bota ditugu faltan gure zaletuak, eurekin gozatu nahi dugu eta normaltasunean jokatu nahi dugu, Artaleku beteta”, adierazi du munduko txapeldunak.
“Zaila, bai, baina aurrera atera dugu, nahiz eta estutu diguten”, laburbildu du Aginagaldek Irunera itzuli den denboraldia: “Puntu bateraino kopen arantzak geratzen zaizkigu, bai Errege Kopa, bai Sacyr ASOBAL Kopa, baina etorkizunera begira, badugu hor zer hobetu”.
Datorren urtera begira, “denboraldi zaila dator, baina ilusioa pizten du, gogoko baitugu erritmo horretara jokatzea: Liga, Europa… Neurketa onetaz goza dezakegu”.