EHFk hurrengo denboraldiko European Leaguean onartu dituen 52 taldeen berri eman du, eta Bidasoa Irun, Sacyr ASOBAL Ligako txapeldunorde gisa, zuzenean sartuko da multzoen fasera.
Bertan, Artalekuko zaleen aspaldiko ezagunak topa ditzake, hala nola Magdeburgo (96/97 Errekopa; 00/01 EHF Kopa), Sävehof, Eurofarm Pelister, Tatran Presov eta Cocks (laurak, 19/20ko Champions Leaguen arerioak izandakoak), baina ez dira urritik aurrera Artaleku bisitatzeko aukera izango duten talde bakarrak. Kanporaketak gainditzea lortzen badute, PAUC Handball (20/21 European League), Sporting CP (19/20 Champions League), Orlen Wisla Plock (96/97 Errekopa eta 19/20 Champions League), Nexe (20/21 European League) eta Kadetten Schaffhausen (93/94 EHF Kopa) egon daitezke aurrez aurre partida ofizialean (parte hartzen duten taldeen mapa).
Herrialdeei dagokienez, multzo faserako sailkatutakoei erreparatuz gero, Irungo taldeak ez du inoiz jokatu Esloveniako lurretan (Gorenje Velenje) edo Greziako lurretan (Atenasko AEK); eta gainerako herrialdeei dagokienez, Danimarkako (Virum Sorgenfri, 1997ko Europako Superkopa eta 00/01 EHF Kopa) eta Errumaniako taldeen aurka jokatu arren (Dinamo Bucarest, 90/91 Errekopa), ez da inoiz Danimarkako ezta Errumaniako lurretan ibili.
Lehen kanporaketa, uztailaren 20an zozketatuko dena, abuztuaren 28an (joanekoa) eta irailaren 4an (itzulikoa) jokatuko da; bigarrena, irailaren 7an zozketatuko dena, irailaren 21ean eta 28an jokatuko da; eta multzoen fasea, berriz, irailaren 30ean.
Sailkatutako 24 taldeak (12 zuzenekoak, horien artean Bidasoa Irun) 6 taldetako 4 multzotan banatuko dira, eta horietatik lehenengo laurak sailkatuko dira hurrengo Last 16ra.
Hamar jardunaldiak egun hauetan daude programatuta:
2021eko urriaren 19a.
2021eko urriaren 26a.
2021eko azaroaren 16a.
2021eko azaroaren 23a.
2021eko azaroaren 30a.
2021eko abenduaren 7a.
2022ko otsailaren 15a.
2022ko otsailaren 22a.
2022ko martxoaren 1a.
2022ko martxoaren 8a.
Final-zortzirenak martxoaren 29an eta apirilaren 5ean jokatuko dira; final-laurdenak, apirilaren 26an eta maiatzaren 3an; finalerdiak eta finala, berriz, Final Four formatuan jokatuko dira, maiatzaren 28an eta 29an.