C.D. Bidasoak eta Iñaki Cavero Etxeparek (Irun, 1996/4/27) jokalariak Bidasoa Irunen jarrai dezala adostu dute 2022ko ekainaren 30era arte.
Irungo El Pilar ikastetxean hasi zen eskubaloian jokatzen, eta 2013ko Euskal Kopan egin zuen debuta lehen taldearekin. Orduz geroztik, Sacyr ASOBAL Ligan 157 neurketa jokatu ditu, 246 gol sartuz. Bukatu berri den denboraldi honetan, 29 neurketa izan dira (71 gol) Ligan; 2 neurketa EHF European Leaguen (gol bat); 2 gol Errege Kopako bi partidatan, eta bost Sacyr ASOBAL Kopako finalerditan.
“Ametsak betetzen” jarraitzera
Caverok klubean jarraitzea “ilusioa dela” aitortu du, “nirekin kontatzen dutela jakitea, eta ametsak betetzen jarraitzea”.
Atzera begira, Caveroren ustetan taldea “ikaragarri” hazi da: “Lehen taldera iritsi nintzenean igoera genuen jomuga; igo ginen, eta Sacyr ASOBAL Ligako goi partean oreka lortu dugu. Proiektu honen parte izateak poza eragiten dit”.
Azken denboraldia bereziki zaila izan da, “nahiz eta helburuak lortu. Urte arraroa izan da, zalerik gabe ez ezer, baina pozik nago jarraitzeko aukera dudalako”.
Zalegoak berebiziko garrantzia du Artalekun: “Faltan bota dugu, noski! Kalean eta sare sozialetan bultza gaituzte, baina ez da berdina, jendea Artalekura itzultzea nahi dugu, %50eko edukiarekin edo behar diren baldintzetan, baina itzultzea, euren babesa nabaritzea gol bakoitzean, defentsa bakoitzean, garaipen bakoitzean”.
Taldea hirugarrenez jarraian Europarako sailkatu da: “Betetzen dudan beste amets bat, ea helburu berriak lortzerik dugun, Europan jokatzea bizipenak baitira. Horretarako erruz egin dugu lan, baina lortu izanagatik zorionekoa naizela uste dut”.