Zaisa Bidasoa Irun Euskal Ligako kadeteen taldeak laugarren postu historikoa lortu du asteazkenetik igandera bitartean Porriñon (Galizia) jokatu den Espainiako Txapelketan, azkeneko egunean Fertiberia Puerto Saguntoren aurkako brontzezko neurketa amaieran amore eman ostean.
Talde bidasotarrak 2001/2002 denboralditik Espainiako Txapelketa kadeteko azken fasea jokatzen zuen lehen aldia izan da, garai haietan bi urtez jarraian bosgarren eta zazpigarren izan zenetik. KH-7 BM. Granollers bertaratu ezinik, Zaisa Bidasoa Irunek Cajasur Córdobaren eta Fertiberia Puerto Saguntoren aurka jokatu behar izan du multzoen fasean.
Mikel Mancisidorrek eta Javier Sáezek denboraldi honetan entrenatu duten taldea asteartean abiatu zen Galizia aldera, Borja Burguete harrobiko zuzendari teknikoa espedizioko kide zelarik. Irundarren lehen neurketa asteazkenean izan zen, Cajasur Córdoba 32-23 garaituz (atsedenaldian, 15-11). Javier Gastaminza izan zen goleatzaile nagusia, 10 gol sartuta.
Ostegunean, talde katalanaren aurkako neurketa aurreikusia zegoenez, taldeak ez zuen partidarik jokatu, eta ostiralean Espainiako Txapelketako lehen fasea itxi zuten Fertiberia Puerto Saguntoren aurka. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren multzoko txapeldun nor izango zen, finalerdietara begira. Valentziarrak 20-29 nagusi izan ziren (atsedenaldian, 7-16). Diego Viles, 4 golekin, izan zen bidasotarren goleatzailerik onena.
Porrotak Irungo taldea Barça Cadet A-rekin parekatu zuen larunbatean. Finalerdia Txapelketa irabazten amaitu duten katalanen aldekoa izan zen hasiera-hasieratik (22-11 atsedenaldian; 43-20 amaieran). Eneko Barros izan zen goleatzaile nagusia, 4 golekin.
Bidasotarrek euren Espainiako Txapelketako ibilbide historikoa igande goizean amaitu dute, Fertiberia Puerto Saguntoren aurka. Ostiralean ez bezala, neurketa parekatua izan da. Gaizki hasi arren, talde irundarra azkar berregin da eta lehen zein bigarren zatian aukerak izan ditu berdinketa lortzeko eta sei goleko errenta txarrak indargabetzen amaitzeko. Hala ere, une erabakigarri horietan asmatu ezinik, Valentziako taldea izan da azken minutuetan brontzezko domina eskuratu duena (33-27; 16-14 atsedenaldian). Diego Viles, Endika Wamba eta Iker Oruezabala izan dira bidasotarren goleatzaile nagusiak, bosna gol.