Zaisa Bidasoa Irun Euskal Ligako kadete mutilek Espainiako Txapelketako azken fasea jokatuko dute asteazken honetatik aurrera Porriñon (Galizia), 2001/2002 denboralditik lehen aldiz. Multzo fasean, Cajasur Cordoba, Fertiberia Puerto Sagunto eta KH-7 BM. Granollers izango dira bidasotarren aurkarial.
“Fase honetara iristea mundiala da guretzat, Espainiako zortzi talde onenen artean sartzea. Hala ere, lortu izan badugu, maila hori erakutsi dugulako da, eta aste honetan Porriñon ahalik eta hoberen ibiltzen saiatzera goaz”, adierazi du Mikel Mancisidor entrenatzaileak. Bere hitzetan, “saria da bertara iristea, baina geure buruari ez diogu mugarik jartzen. Ilusioz eta konfiantzaz goaz, aste osoan oso ongi entrenatu ostean. Gure aukerak izango ditugu finalerdietan sartzeko”.
Irundarrek egutegi hau izango dute multzoen fasean:
- Zaisa Bidasoa Irun – Cajasur Kordoba BM (ekainak 16, 16:30ean).
- KH-7 BM. Granollers – Zaisa Bidasoa Irun (ekainak 17, 16:00etan).
- Zaisa Bidasoa Irun – Fertiberia Puerto Sagunto (ekainak 18, 11:00etan).
Mancisidorrek eta Javier Sáezek entrenatzen duten taldea azken faserako sailkatu da, Alcalá de Henaresen ekainaren 4tik 6ra jokatu zen sektorean ibilbide bikaina itxi ostean. Lehen jardunaldian Catalunyako laugarren sailkatua den Sant Marti Voramar gainditu zuten (32-23; 13na atsedenaldian); bigarrenean, Galiziako txapeldunordea, BM. Culleredo Indutec Ingenieros (36-23; 22-13 atsedenaldian); eta hirugarren jardunaldian, final itxura zuen neurketan, Zaisa Bidasoa Irunek in extremis lortu zuen Iplacea etxeko taldea garaitzea (32-33, 15-20 atsedenaldian).