Zaisa Bidasoa Irunek Euskal Ligako kadete taldeak Porriñon jokatuko du Espainiako Txapelketa ekainaren 16tik 20ra bitartean, eta astelehen honetan egin den zozketaren arabera, KH-7 Granollers, Cajasur Córdoba eta Fertiberia Puerto Sagunto izango dira multzo faseko bere arerioak.
Igande honetan Alcalá de Henareseko sektoreko txapeldun izan ostean, Mikel Mancisidor eta Javier Sáezen taldeak Galiziaraino egin beharko du bidaia datorren astean. Espainiako Txapelketako B multzoan egongo da, Catalunyako txapeldunordearekin, Andaluziako laugarrenarekin eta Valentziako txapeldunarekin batera. Zaisa Bidasoa Irun Euskadiko txapeldunordea da.
Beste multzoan, A multzoan, Delicias Play 360 (Gaztela-Leóngo txapelduna), Grupo IMQ (Asturiaseko txapelduna), Barça A (Catalunyako txapelduna) eta etxeko Balonmano Porriño (Galiziako txapelduna) izango dira nor baino nor.
Multzo faseko hiru jardunaldiak asteazken eta ostiral bitartean ospatuko dira, eta dominen lehia, larunbat eta igandean.