Zaisa Bidasoa Irun mutilen Euskal Liga kadete taldeak Espainiako Txapelketako azken faserako txartela eskuratu du igande honetan Alcalá de Henaresen CD Iplacea etxeko taldea mendean hartu eta multzoko txapeldun izan ostean. Espainiako Txapelketa astelehen honetan zozketatuko da, eta ekainaren 16tik 20ra ospatuko da erabaki gabeko egoitza batean.
Mikel Mancisidorrek eta Javier Sáezek entrenatzen duten taldeak akatsik gabeko bidea egin du ostiraletik igandera bitartean. Lehen jardunaldian, Sant Martí Voramar Catalunyako laugarren sailkatua irabazi zuten (32-23; 13-13 atsedenaldian), Javier Gastaminza eta Mikel Lasa (zazpina gol) goleatzaile nagusiak izanik. Diego Vilesek (6); Asier Molinak (3); Endika Wambak, Iker Arroyok, Marco López, Telmo Aristegui (2); eta Aitor Arroyok ere markatu zuten.
Larunbatean bidasotarrek Galiziako bigarren sailkatua, BM. Culleredo Indutec Ingenieros, garaitu behar izan zuten igandera aukerekin iristeko. Eta horrela egin zuten: 36-23 (22-13 atsedenaldian). Goleatzaileen artean, Javier Gastaminza (9); Mikel Lasa (6); Eneko Barros, Endika Wamba (5); Iker Oruezabala (4); Diego Viles, Iker Arroyo (2); Aitor Arroyo, Ekaitz Montero, eta Asier Molina egon ziren.
Igandea izan da egun erabakiorra Demetrio Lozano kiroldegian, eta Iplacea-Zaisa Bidasoa Irun neurketa irabazten zuenak lortuko zuen Espainiako zortzi talde kadete onenen artean lehiatzeko aukera. Neurketa benetan zirraragarria izan da, eta bidasotarrek oso sendo sei goletako errentekin hastea lortu arren (atsedenaldia, 15-20), bigarren zatian indarrak parekatu dira, eta azken minutu gorabeheratsuak bermatu du bidasotarrek neurketa ia osoan erakutsitako nagusitasuna (32-33).
Diego Viles donostiarra izan da, 13 golekin, bidasotarren goleatzailerik nagusiena; Javier Gastaminzak eta Asier Molinak bosna gol sartu dituzte; Endika Wambak eta Iker Arroyok hiru; Iker Oruezabalak eta Mikel Lasak, bina.
Espainiako Txapelketa ekainaren 16tik 20ra jokatuko da. Lehen hiru egunetan, multzo fasea (lau taldeko bi multzo); eta asteburuan, dominen lehia.
Zaisa Bidasoa Irun taldeaz aparte sailkatutako beste taldeak hurrengoak dira: Balonmano Porriño (Galizia), Grupo IMQ (Asturias), KH-7 Granollers (Catalunya), CD BM Delicias Play 360 (Gaztela-Leon), Fertiberia Puerto Sagunto (Comunitat Valenciana), Barça Cadet A (Catalunya), eta Cajasur Córdoba BM (Andaluzia).