Il Capo Hondarribia Bidasoa taldeak Lehen Mailara igotzea lortu du Leganésen jokatu den igoera fasean jaun eta jabe izan ostean. Aitor Etxaburuk entrenatzen duen taldeak ligaxkako hiru neurketetan izan da nagusi, eta etxeko kluba igande honetan mendean hartu eta gero, datorren denboraldian Lehen Mailarako txartela eskuratu du, azken jaitsieratik bost urte pasa direnean.
Euskadiko txapeldunak bide onetik hasi zuen bere bidea ostiralean, BM. Castellón Valentziako txapelduna 37-20 irabazita (17-9 atsedenaldian). Tao Gey-Emparan eta Raúl Olalla, bost golekin, izan ziren goleatzaile nagusienak. Hugo Martiarena, Mikel Galán (4); Eneko Furundarena, Asier Satrustegui, Eñaut Uruñuela, Gorka Nieto (3); Pablo Arruabarrena, Xabier Barreto (2); Martin Santano, Markel Sagastume eta Julen Urruzolak ere markatu zuten.
Defentsan sendo, bigarren egunean bigarren garaipena lortu dute hondarribiarrek, Utebo Aragoiko txapeldunaren aurka (28-17; 16-6 atsedenaldian). Raúl Olallak bost gol sartu ditu; Hugo Martiarenak, Gorka Nietok, Asier Satrusteguik eta Mikel Galánek, lau bakoitzak; hiru gol Eneko Furundarenak; eta bana Martin Santano, Markel Martin, Pablo Arruabarrena eta Xabier Barretok.
Il Capo Hondarribia Bidasoa eta Leganés bakoitzak jokatutako bi neurketak iritsi dira igandera, eta hiri madrildarreko Manuel Cadenas kiroldegiko partida irabazten zuenak lortuko zuen igoera.
Bosgarren minutuan binako berdinketa hautsita, Etxabururen taldeak bost goleko errenta lortu du atsedenaldirako (8-13), eta aldageletatik bueltan, tartea kudeatzen jakite horretan eduki du arrakastarako bide zuzenena (19-30). Tao Gey-Emparan, Mikel Galán eta Gorka Nieto izan dira goleatzaile nagusienak (5 gol); Eneko Furundarenak lau sartu ditu; hiru Raúl Olallak; bina Pablo Arruabarrenak eta Eñaut Uruñuelak; eta bana Martin Santanok, Asier Satrusteguik, Hugo Martiarenak, eta Gorka Mendizabalek.