Bidasoa Irunek ezin izan du lortu hirugarrenez jarraian Sacyr ASOBAL Kopako finalera sailkatzeko txartelarik Liberbank Cantabria Sinfinen aurka 33-28 finalerdietan galdu ostean. Talde irundarrak bi zatiak bide okerretik hasi eta saiatu arren, ezin izan dio neurketari buelta eman.
Iker Serrano kapitainaren eskutik lehen gola egin eta aurretik jarri arren, talde kantabriarrak azkar erantzun du, eta zazpigarren minuturako, irundarren entrenatzaileak, Jacobo Cuétarak, hutsartea eskatu behar izan du (4-1, 7. minutua). Hurrengo minutuetan etxeko taldeak aldea zertxobait gehiago irekitzea ere lortu du (7-2 eta 8-3, 12. eta 15. minutuak), baina Bidasoa Irun neurketari eutsi eta lehen zatia gol bakarra atzetik amaitzeko aukera izan du, baina azkenean 13-11 izan da emaitza.
Aldageletatik bueltan, hasieran etxekoek asmatu eta hirugarren minuturako aldea berriz ere bost golekoa zen (16-11). Hutsartetik bueltan, taldeak hamaika konponbide bilatu ditu, baina asmatu ezinean, neurketa 33-28 amaitu da.
Gaurkoa Adrián Crowley, Iker Serrano, Sergio de la Salud eta Nicolás Bonannoren azken neurketa izan da elastiko bidasotarrarekin, eta agurra Gipuzkoatik etorritako 150 zaleren aurrean egin ahal izan dute.
Fitxa teknikoa
33 – Liberbank Cantabria Sinfín (13+20). Sánchez (gol 1), Muñiz, Alberto Pla (3), Blázquez (6), Ostroushko (4), Zungri (7), Valles (4, 1 p.); Elcio, Rubio, Postigo, Luis Pla, Alonso, Basualdo, Castro (1), Herrero Lon (5).
28 – Bidasoa Irun (11+17). Sierra, Cavero (5, 2 p.), Crowley, Serrano (1), Salinas (5), De la Salud (2), Azkue (6); Ledo (1), Racotea (2), Zabala (3), Aginagalde (2), Tesoriere (1), Da Silva, Bonanno.
Partzialak. 1-1, 5-2, 7-3, 10-6, 11-8, 13-11; 16-12, 19-14, 22-16, 26-19, 30-24, 33-28.
Epaileak. Bustamante López eta Álvarez Mata. Etxekoen aldetik, Zungri eta Ostroushko zigortu dituzte bi minutuz; eta bidasotarren aldetik, Racotea eta Aginagalde.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Kopako finalerdia, 1.400 ikusleren aurrean; horietatik 150, bidasotarrak.