Datorren udako udalekuetan izena emateko epea ireki du CD Bidasoak, 2006 eta 2014 urteen artean jaiotako gazteei zuzenduta. Udalekuek Artaleku kiroldegia izango dute egoitza nagusi, eta eskubaloiaren inguruko jarduera nagusiez gain, beste hainbat ekintza ere izango dituzte: besteak beste, Oiasso Museora eta Irugurutzetako meategira txangoak, Bidasoa ibaitik piraguan ibilaldia Santiagotarraken eskutik eta San Martzialeko igerilekuak. Honekin batera, jardunaldi osasungarriak ere izango dira FyLAB eta Iñigo Lavadoren eskutik.
Kanpusa uztaileko lau asteetan egingo da, goizez, 08:30etik 13:30era, eta gazteek aste bakarra, bi, hiru edo lau astetara izena emateko aukera dute, 80 eurotik udaleku osoko 260 eurora bitartean.
Izen-emateak esteka honetan egingo dira: https://labur.eus/udaleku2021.