Adrián Crowley Bidasoa Irun taldeko jokalariak (Irun, 1988) eskubaloia utziko du asteazken honetan jakinarazi duenez: “Nire ametsa bete dut, bidasotarra eta irundarra naizen aldetik”. Ezker hegalekoak datorren astean Santanderren jokatuko den XXXI Sacyr ASOBAL Kopan amaituko du bere kirol ibilbidea.
Jokalariak 2005/2006 denboraldiko apirilean egin zuen debuta Sacyr ASOBAL ligan Bidasoa Irun 29-30 FC Barcelona neurketan, eta Portland San Antoniok fitxatu zuen 2006/2007 denboraldian, eta talde nafarran egon zen 2011/2012 denboraldira arte, 2008an Almerían utzita egon zen hilabeteetan izan ezik.
“Erabaki honetara eraman nauten hainbat gertaera izan dira. Pasatzen utzi ezin dudan lan aukera bat atera zait, hurrengo hilabeteetan bigarrenez aita izango naiz eta honekin guztiarekin mentalki ez dut neure burua hurrengo denboraldirako prest ikusten”, adierazi du Crowleyk, “Gurutzi (Aginagalde) eta klubari eskerrak eman nahi izan dizkiet kontratua berritzeko egin dudan eskaintzagatik. Zoritxarrez, ez nago onartzeko egoeran”.
Jokalariak eskerrak eman dizkie taldekide, teknikari, mediku eta zuzendaritzako kide guztiei, eta, bereziki, Artalekuko zaleei: “Espainiako eskubaloiko onena. Beti egon dira gurekin. Zilarrean, ASOBALen, Championsen eta beti berdin etorri dira. Nire esker onik bereziena beraientzat da, oso ondo zaindu bainaute irundarra naizen aldetik.
“Nork esan behar zidan niri 2012ko udan, San Antonio taldea sei urtez desagertu ondoren talderik gabe geratu nintzenean, hilabete neraman etxean, eskubaloian jokatzen jarraitu behar ote nuen, eta Mariren terrazan Fernando Boleak eta Salva Pombarrek deitu zidaten haiekin entrenatzeko, sasoia ez galtzeko”, gogoratu du Bidasotarrak. “Onartu nuen, taldearekin gustura egoten hasi nintzen eta gaur arte, taldea ia desagertzetik Barçaren ostean talde onena izatera, Champions jokatzen eta abar, bederatzi urte izan dira Zilarretik Sacyr ASOBAL ligan finkatu arte”.
“Bidasoan egin dudan ibilbidea oso polita izan da hasieratik, txikitatik nire idoloak ziren jokalariak Europako Kopa ikustera nentorrenetik”, aitortu du klubaren webgunerako egindako elkarrizketan. 2002an sartu zen klubean, “Oso urduri nengoen, sartzeko proba batzuk egin eta onartu egin nindutelako”. 2005ean lehen taldearekin entrenatzen hasi zen eta 2006an debuta egin zuen: “Bidasotar eta irundar bezala nuen ametsa bete nuen”.
Aginagalde: “Bidasoa den guztia bizi izan du”
Bestalde, Gurutz Aginagalde Bidasoa Kirol Elkarteko presidenteak aitortu duenez, “guri dagokigu eskerrak ematea. Adrianek Bidasoa den guztia bizi izan du, 2002an hasi eta une berezi batean itzuli zen. Zilarrezko Ohorezko Maila, igoerak, Europa, orain tituluen borrokan egotea… Harrobiko jokalaria definitu beharko bagenu, Adrianen irudia izan liteke”.
“Oso eskertuta gaude kirol arloan eta klubari pertsonalki eman dion guztiarengatik, baina baita profesionalki ere, ez da ahaztu behar. Jokalari eta pertsona gisa duen kalitatea azpimarratu nahi dut”, gaineratu du Aginagaldek, “kalitate hori, burua eta grina nagusi diren une zailetan egoten jakite hori, Adrianek ematen duen oreka hori oso garrantzitsua da “.
Ibilbide zabala
Jubenil eta junior mailetan selekzioarekin aritutakoa, Crowley 2012/2013 denboraldian itzuli zen Irunera, eta bertan eman ditu gaur arteko azken bederatzi denboraldiak: ASOBALera igotzeko egindako lehen saiakera, maila gorenera egindako itzulera eta ondorengo hazkunden protagonistetakoa izan da: Europako lehiaketetara, Errege Kopako azken faseetara eta ASOBAL Kopetara taldea egin duen itzulera.
Bidasotar moduan egin duen bigarren garai hau “beste amets bat izan da, pabiloia beteta jokatuta. Zilarretik igotzea, beste kantxa batzuetara gure zaleak joanez, Championsa jokatu… Denborarekin guzti honi balioa emango diogu, ia ez baitugu denborarik izan hainbeste bizipenekin, gehienak, oso onak”.
“Artalekuko zaleei Artalekun bertan agur esaterik ez izatea da pena bakarra”, aitortu du Crowleyk pandemiari erreferentzia eginez, “eskubaloiak, Bidasoak eta Irunek nirekin izan duten tratua eskertzeko”.
Crowleyk 235 partida jokatu ditu Sacyr ASOBAL ligan, eta 457 gol sartu ditu. EHF Champions Leaguen debutatu zuen Portland San Antoniorekin 2006/2007 denboraldian eta Iruñeko taldearekin 4 gol sartu zituen 10 partidatan, Errekopan (2009/2010 eta 2010/2011) 10 partida jokatu zituen eta 38 tanto sartu zituen. Bidasoa Irunekin VELUX EHF Champions Leagueko 12 partidak jokatu zituen (17 gol) eta EHF European Leagueko hirurak (6 gol) denboraldi honetan.
Artalekura itzuli zenetik, 15 partida jokatu ditu Errege Kopako zortzi ediziotan, eta 55 gol sartu ditu; eta ASOBAL Kopan, 3 gol 4 partidatan bidasotar moduan.