Il Capo Hondarribia Bidasoa Euskadiko txapeldun bihurtu da igande honetan jokatutako Bigarren Nazional Maileko finala 32-24 Txikipolit Zarautz ZKE-ri irabazi ostean. Biek ala biek Lehen Nazional Mailarako faseak jokatuko dituzte ekaina hasieran.
Neurketa zirraragarri honen lehen minutuak zarauztarren aldekoak izan dira, eta lehenengo partziala euren aldekoa izan da (2-4). Hala ere, talde hondarribiarrak momentu txarrei eutsi eta segituan eman dio buelta partidari. Defentsa lana oinarri, hamargarren minututik atsedenaldia bitartean lau gol jaso ditu; zarauztarren atean, ordea, hamaika sartu ditu (18-9).
Bidea markatuta zegoen, eta bigarren zatian zehar, egon den lehiaz aparte, Aitor Etxaburuk prestatzen duen taldea kontrolpean eduki du finala. Eneko Furundarena (5 gol), Asier Satrustegui (5), Martin Santano (4), Mikel Galán (4), Gorka Nieto (3), Pablo Arruabarrena (3), Tao Gey-Emparan (3), Raúl Olalla (2), Hugo Martiarena (1), Gorka Mendizabal (1), eta Xabier Barreto (1) izan dira hondarribiarren goleatzaileak.
Igoera faseruntz
Behin fase erregularra sendo gaindituta, Aitor Etxabururen taldeak Universidad de Deusto-Loyola kanporatu behar izan zuen final-laurdenetan (25-34 Bilbon; 33-24 Hondarribian). Koronabirus kasu batek taldea konfinatu arren, finalerdietan ere nagusi izan zen Escolapios joanekoan 21-26 gaindituz, eta itzulerakoan, 33-28. Kanporaketa garrantzitsuena zen, finalerako txartela lortzen zuten bi taldeek igoera fasea bermatuta baitzuten.
Lasaitasun horrekin, talde hondarribiarra eta Txikipolit Zarautz ZKE izan dira nor baino nor neurketa bakarrera Hondartzan jokatu den finalean. Amaierako 32-24 emaitzarekin, bidasoarrak dira txapeldun eta aste honetan jakingo dute ekainaren 4tik 6ra bitartean jokatuko den igoera fasea non jokatuko den eta zein arerioren aurka.