Bidasoa Irunek ezin izan du aurrerapausurik eman bigarren postua bermatzeko larunbat honetan El Sargalen 21-17 Incarlopsa Cuencaren aurka galdu ostean. Defentsak eta ateak nagusi izan diren neurketa batean, gola garesti izan da hasiera-hasieratik. Astea minduta pasatu duen Iñaki Cavero bidez, ia lau minutu behar izan du talde bidasotarrak arratsaldean protagonista bihurtu behar zuen Leo Macielen atea zulatzeko.
Lehen minutuak behin pasata, Jacobo Cuétararen taldeak errentatxo interesgarriak lortu ditu hamargarren minutu inguruan, eta hiru goletara zabaltzeko pare bat aukera izan ditu (11. minutuan, 3-5). Hala ere, neurketa ez da ireki eta Incarlopsa Cuencak markagailua irauli egin du (21. minutua, 7-6). Defentsan sendo eta Sierra atepean indartsu, talde irundarrak aurretik amaitu du lehen zatia (9-10).
Aldageletatik itzulita, gipuzkoarren minuturik hoberenak ikusi dira, eta Sierraren beste geldiketa batzuetan oinarrituta, Racotearen gol pare bat, De la Salud, Cavero -neurketako goleatzaile nagusia- eta Zabalaren banak 12-15koa ezartzeko balio izan dute. Hurrengo minutuan sartu du Rodrigo Salinasek taldeko 16. gola (40. minutua, 13-16). Hortik aurrera, etxekoen atzeko lana eta Macielen geldiketek estuasunak ekarri dituzte bidasotarrentzat. Gola garesti bazegoen, azken herenean garestiago egon da, eta jokalari bidasotarrek ezin izan diote markagailuari eutsi, amaierako 21-17 arte.
Sacyr ASOBAL Ligako Bidasoa Irunen hurrengo eta azken neurketa datorren igandean izango da, arratsaldeko 16:30ean Artalekun Fraikin BM. Granollersen aurka.
Fitxa teknikoa
21 – Incarlopsa Cuenca (9+12). Maciel, Simonet (4), Vainstein (1), Moscariello (2), Ponciano (5), Moya (2, 1p.), Sergio López (1); Ibáñez, Doldán (2), Pérez, Martín, Hugo López, Fernández, Bulzamini (3), Pizarro (1), Taravilla.
17 – Bidasoa Irun (10+7). Sierra, Cavero (6, 1 p.), Racotea (3), Zabala (2), Aginagalde, Salinas (4), De la Salud (1); Ledo, Crowley, Serrano (1), Tesoriere, Da Silva, Nieto, Furundarena, Gey-Emparan, Bonanno.
Partzialak. 1-1, 2-4, 5-5, 6-6, 7-7, 9-10; 10-12, 12-15, 14-16, 17-16, 19-17, 21-17.
Epaileak. Rodríguez Estévez eta Rosendo López. Etxekoen aldetik, Moscariello kaleratu dute bi minutuz (birritan); eta Cavero, bidasotarren aldetik.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako 33. jardunaldiko neurketa. El Sargal kiroldegian, pandemiak baldintzatuta, %75eko edukierarekin, 1.100 bat ikusleren aurrean.