Bidasoa Irun Liberbank Cantabria Sinfín taldearen aurka jokatuko du XXXI Sacyr ASOBAL Kopako finalerditan eguerdi honetan Santanderreko Udaletxean ospatu den zozketaren arabera. Kopa ekainak 5 eta 6 jokatuko da Cantabriako hiriburuko Palacio de los Deportes aretoan. Beste finalerdian, Barça eta Bada Huesca izango dira nor baino nor.
Bidasoa Iruneko entrenatzailea, Jacobo Cuétara, “pozik” agertu da finalerditan “inork nahi ez duen arerioa sahiestea lortuta”. “Guk geuk garrantzia ematen diogu Sacyr ASOBAL Kopan egoteari”, adierazi du entrenatzaile asturiarrak: “Lehen itzuliko lehen hiru sailkatuak doaz, talde antolatzailearekin batera, eta Barçarekin batera, talde bakarra gara hiru azken denboraldietan ASOBAL Koparako txartela lortu dugunak”.
“Ilusioz beterik” joango dela taldea adierazi du Cuétarak, finalerako hirugarren sailkapena jarraian lortzeko asmoz. Horretarako, finalerditan etxeko taldea mendean hartu beharko dute, “aurten bi neurketak irabazi dizkiegu, baina oso gogotsu arituko dira euren jendearen babesarekin, finalera sailkatu nahiko dutelako”.
1992/1993an txapeldun, bederatzigarrenez arituko da Bidasoa Irun ASOBAL Kopan. Beste hirutan izan da talde gipuzkoarra txapeldunorde: 1991/1992, Santanderren; 2018/2019, Lleidan; eta 2019/2020, Valladoliden).
Pandemiak abenduan jokatu behar zen edizioa atzeratzera behartu zuen, eta azkenean ekainaren hasieran ospatuko da. Helburua harmailetan ikusleak egon daitezela da, nahiz eta hurrengo astetan osasun egoera nola doan ikusi beharko den horrela izan dadin.