Bidasoa Irunek Liga amaitzeko falta diren bost neurketetatik lehena jokatuko du asteazken honetan Dicsa Modular Cisne taldearen aurka, Jacobo Cuétara entrenatzaile bidasotarraren hitzetan, “bi puntu oso garrantzitsu” daude jokoan. Horiek lortzeko, Irungo taldeak bere maila ematea espero du, “jokoan dugunaren araberakoa”.
“Ondo eta batez ere defentsan sendo aritu behar dugu. Eroso eta lehiakor sentitzea da helburua”, esan du Cuétarak taldeak aste honetan jokatuko dituen bi norgehiagoketako lehenengoari buruz (bigarrena, igandean, Blasgon y Ceres Villa Arandaren aurka izango da). “Asteazkeneko partidan jarri behar dugu arreta, eta gero igandean pentsatuko dugu”, ohartarazi du jokoan “puntu oso garrantzitsuak” egongo diren bi konpromisoen inguruan, izan ere, “gure helburura asko hurbilduko ginateke eta gauzak oso zail jarriko genizkieke aurkariei. Neurketa bakoitzak duen balioa eman behar zaio, oso handia baita, eta bi puntuak batu”.
Taldea hamar eguneko etenaldiaren ostean iritsi da: “Ondo etorri dira burua freskatzeko eta pilatutako mina eta nekea leuntzeko”. Aurrean, Dicsa Modular Cisne taldea egongo da, “lehenengo itzuliarekin alderatuta, bere jokoa zertxobait aldatu duen taldea, jokalari batzuek jokatzeko duten modua aldatu dute, buruz-buruko jokaldi asko egiten dituzte, kanpoko jaurtiketen maila altuagoa dute, eta jokaldiei aurrea hartzen duen defentsa motarekin”.
“Kantxan eroso egon ez daitezen saiatu behar gara”, adierazi du Cuétarak, eta “60 minutuetan joko maila oso altua mantentzearen alde” egin du: “Korrika egiteko aukerak ematen badizkiegu, defentsan eroso ez bagaude, arazotan sar gaitezke”.
Duela aste eta erdi Benidormen irabaztea lortu zuen taldearen antzeko deialdiarekin, Cuétarak gogorarazi du asteazken hau “oso jardunaldi garrantzitsua” dela “gure talde filialarentzat eta klubarentzat”. Il Capo Hondarribiarekin jokatzen duten lehen taldeko jokalari batzuk filialarekin arituko dira Bilbon jokatuko den Lehen Nazionalera igotzeko finalerdiaren joaneko partida, Eskolapiosen aurka: “Kanporaketa horrek Lehen Nazionalerako igoera faserako sarbidea ematen du, eta gure harrobiaren une garrantzitsuenetako bat da; beraz, babesa eman behar diegu”.
Bidasoa Irun eta Dicsa Modular Cisneren arteko partida, Sacyr Asobal Ligako 30. jardunaldiari dagokiona, asteazkenean jokatuko da Artalekun, 19:00etan, ateak itxita, Eusko Jaurlaritzako LABIk hala erabakita.