Bidasoa Irunek bi puntu garrantzitsu lortu ditu igande honetan Liberbank Cantabria Sinfín mendean hartu ostean (33-26). Helburu desberdinak buruan baina punturik galtzeko aukerarik gabe, bi taldeek neurketa lehiatua izan dute. Bidasoa Irunek ongi ekin dio partidari, eta Sierraren lanarekin atepean, tartea irekitzen joan dalehen zatiko lehen herenean (5-2). Hala ere, lau minututan talde kantabriarrak berdinketa ezarri du lehenengoz hasieratik (6-6, 14. minutua), eta bidasotarren entrenatzaileak, Jacobo Cuétarak, hutsartea eskatu du. Atsedenaldirako bost minutu faltan, irundarrek hiru goleko errenta berreskuratu dute, nahiz eta aldageletara bakarra eraman duten (15-14).
Atsedenalditik bueltan, lehenengo hamar minutuak lehen zatiko jarraipena izan dira, baina bost minutu nahiko izan ditu Cuétararen taldeak 5-0 partziala sartu eta erabakiorra izan den tartea irekitzeko. Urrutitik botatako jaurtiketa bati Ledoren Superman erako geldiketa bat barne, bost minututan Iñaki Caverok, Rodrigo Salinak eta Mikel Zabalak (eguerdiko goleatzaile nagusiena, zortzitik hiru sartu ditu minutu hauetan) gola sartu dute, markagailuan 23-17 jarrita. Hamar goleko errenta ere lortu du Bidasoa Irunek hegaleko eibartarrari esker (33-23), baina azkenean, neurketa 33-26 amaitu da.
Bidasotarren hurrengo neurketa Sacyr ASOBAL Ligako 29.jardunaldia izango da datorren larunbatean Benidormen, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Fitxa teknikoa
33 – Bidasoa Irun (15+18). Sierra, Cavero (2), Racotea (1), Zabala (8), Salinas (6, 1 p.), Tesoriere (1), Bonanno; Ledo, Crowley (1), Gey-Emparan, Furundarena (1), Aginagalde, Serrano (3), De la Salud (4, 2 p.), Azkue (6, 2 p.), Da Silva.
26 – Liberbank Cantabria Sinfín (14+12). Sánchez, Pla (4), Martínez (4), Herrero Lon (5), Zungri (2), Valles (4, 2 p.), Dimitrievski (3); Elcio, Rubio, Blázquez, Postigo, Lastra (1), Alonso, Basualdo, Castro (2), Ostroushko (1).
Partzialak. 3-1, 5-2, 6-6, 8-8, 12-9, 15-14; 18-16, 22-17, 25-18, 28-21, 32-23, 33-26.
Epaileak. Alvarez Menéndez eta Friera Cavada. Etxekoen aldetik, Da Silva eta Racotea kanporatu dituzte bi minutuz; eta Valles eta Zungri kantabriarren aldetik.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako 28. jardunaldia, ateak itxita Artalekun jokatua. Neurketa hasi aurretik, minutu bateko isilunea gorde da Fernando Celaya klubeko jokalari ohi eta Gojko Vučinićen (Cangas eta Arrateren jokalari ohi; Somos Eibarreko entrenatzaile ohi eta Elgoibarko Sanloren entrenatzaile) omenez.