Bidasoa Irunek bi puntu garrantzitsu lortu ditu Recoletas Atlético Valladolid mendean hartu ostean (31-24). Etxeko taldeak lehen zatian zehar abantaila irekitzen joan da. Lehen golak gaztelarren alde erori dira, baina Rodrigo Salinas eta Sergio de la Saludek binako berdinketa ezarri dutenetik, bidasotarrak nagusi izan dira, hamargarren minutu inguruko 4-5, 5-6 eta 6-7 ezik. Jon Azkueren gidaritzapean lortutako partzial batek 10-7koa eraman du markagailura. Recoletas Atlético Valladolid hurbildu da berriz ere (11-9, 18. minutua), baina ongi erantzun du Jacobo Cuétararen taldeak lehen zatiko azken minutuetan: atsedenaldian, 17-14.
Aldageletatik bueltan, Salinasek, arratsaldeko goleatzaile nagusia De la Saludekin batera, egin du lehen gola eta errenta lau goletara igo da. Bidasoa Irunek kontrolpean izan duen bigarren zatian zehar, lau golekoa izan da tarterik txikiena, kontuan hartuta tarte batez Dan Racotea eta Iñaki Cavero 20 segunduren buruan kanporatuak izan direla, eta ia bi minutuz egon dela talde bidasotarra bi jokalari gutxiagorekin. Fase horretatik atera eta segituan egin du De la Saludek 25-20koa (46. minutua). Amaiera bitartean, sendo ibili da talde irundarra eta arazo apartekorik gabe neurketa ixtea lortu du (31-24).
Bidasotarren hurrengo neurketa datorren asteartean izango da Bartzelonako Palau Blaugranan Barçaren aurka 26. Jardunaldiko partida atzeratua (18:00etan, Gol TV).
Fitxa teknikoa
31 – Bidasoa Irun (17+14). Ledo, Cavero (1), Racotea (1), Zabala (1), Salinas (7, 2 p.), Tesoriere, Bonanno (1); Crowley (2), Julen (2), Serrano (3), De la Salud (7, 2 p.), Azkue (5, 1 p.), Da Silva (1), Nieto.
24 – Recoletas Atlético Valladolid (14+10): Calle, Ugarte (4), Dani Pérez (3), Fernández (1), Patrianova, Miguel Martínez (4), Jorge Serrano (5); Diego Camino (2), López (1), Alvaro Martínez, Roberto Pérez, Miguel Camino (3), García, Rodríguez (1).
Partzialak. 3-2, 5-5, 8-7, 12-9, 14-12, 17-14; 19-15, 20-16, 23-18, 27-20, 29-23, 31-24.
Epaileak. Rodríguez Estévez eta Rosendo López. Etxekoen aldetik, Serrano, Tesoriere, Racotea eta Cavero kaleratu dituzte bi minutuz; eta kanpokoen aldetik, López eta Miguel Camino.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako 27. jardunaldia, LABiren erabakiz ateak itxita Artalekun jokatua. Neurketa hasi aurretik, Sacyr Servicios enpresako gerenteak, Julián Toledanok, Jon Azkueri Ligan martxoan irabazitako MVP saria eman dio.