Bidasoa Irun taldeko entrenatzaileak, Jacobo Cuétarak, neurketa “oso parekatua” espero du larunbat honetan Recoletas Atlético Valladoliden aurka, “haien aurka ditugun aurrekariak ikusita: Artalekun 2018an irabazi ziguten azkenekoz, baina partida guztiak parekatuak izan dira, berdinketa askorekin, azken minutuetan erabakita”.
Cuétararen ustez, neurketak izango dituen gakoen artean, “euren eraso eta kontraerasoaren eta gure defentsaren eta atzera egitearen arteko lehia garrantzitsua izango da; borroka horretan erosoen dagoena ikustea klabea izan daiteke”.
“Pozik” dago prestatzailea “behin ikusita taldea nola iristen den. Jokalariren batek arazotxoren bat izan du bi aste hauetan, baina ezer larririk ez. Taldeak ongi entrenatu du, bolumen eta intentsitatearekin, eta ondo iristen gara. Ikusiko dugu nola eragiten digun 15 egun jokatu gabe egoteak, baina ondo egongo gara. Balio izan digu jokalari batzuk bere onera itzultzeko, beste batzuk dosifikatzeko, otsailetik pairatu ditugun arazo fisiko horiek leuntzeko eta entrenamendu-erritmoa har dezaten”.
“Erritmo handiko neurketak dira, erritmo bizian doan taldea delako eta kontraerasoari etekin handia ateratzen diotelako”, azaldu du entrenatzaileak Recoletas Atlético Valladolidi buruz galdetuta. Parean denboraldia “oso ondo” hasi zuen taldea egongo da, nahiz eta azkenaldian apalago ibili: “Hala ere, teorian errendimendua murrizten duen konfinamendu baten ostean, Liberbank Cantabria Sinfinen aurka bigarren itzuliko partida onenetako bat jokatzetik datoz. Horrela dira dinamikak hauek ezer aurreikusi ezin den urte batean, dena alda baitaiteke positibo batengatik, konfinamendu batengatik, lesioengatik… Gorabehera asko daude, eta erregulartasuna izan behar da, hori da guk bilatzen duguna”.
Neurketa larunbat honetan Artalekun jokatuko da arratsaldeko 18:30ean ateak itxita, Eusko Jaurlaritzaren LABI batzordeak horrela ebatzita.